Nerabezaroko jeloskortasuna eta bi mossoren arteko maitasuna, Elexpuruk eta Artetxek euskaratuta
Andreu Martin kataluniarraren «Wendyk hegan ikasi zuen gaua» euskaratu du Miren Artetxek, eta Fina Casalderrey galiziarraren «Ez ezkondu, aita!», Juan Martin Elexpuruk. Biak ere, irakurle gazteei zuzenduta.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
«Istorioari itzulpen usaina kentzea da itzultzailearen erronka nagusia. Tranpak zilegi dira muina bere horretan mantentzen bada», adierazi zuen atzo Juan Martin Elexpuruk. Fina Casalderrey-en «Ez ezkondu, aita!» (Elkar) argitaratu berri du bergararrak. Galegotik itzuli du eta adierazi zuenez, ahalegin berezia egin behar izan du euskal espresioak eta egun euskal gazteek erabiltzen duten euskara liburuan islatzeko. «Gazteei zuzendutako istorioak itzultzeko errazagoak direla uste da, bainaulermen arazoak izan ez arren, gazteengana erraz heltzeko modua bilatu behar da».
«Ez ezkondu, aita!»-k «nerabezaro gordina» azaleratzen du. Eliak bi neba-arreba eta aita zoragarri bat ditu baina, ama hil eta handik gutxira, «bere aita maitea» beste emakume batekin harremanetan hasiko da.
Andreu Martin kataluniarraren «Wendyk hegan ikasi zuen gaua» euskaratu du, bestalde, Miren Artetxe hendaiarrak. Gau bakarrean gertatzen den polizia nobela da, Bartzelonako mosso bikote bat ardatz duena. Bi istorio gurutzatuko dira liburuan. Alde batetik, bi patruila kideek ordura arte izan duten eta mutilak bukatu berri duen maitasun istorioa eta, bestetik, gau horretan bertan gertatu den hilketa. Ikerketak, Bartzelonako kale, jauregi eta zulo ilunenetan murgilduko ditu protagonistak.
Atsedenerako unerik uzten ez duen erritmo bizi-bizia mantentzen du nobela osoan zehar eta hori izan da, Artetxeren esanetan, euskaratzerako orduan gehien kostatu zaiona: «Nire erronka erritmo hori euskaraz ere mantentzea izan da, jakinik euskaraz eta katalunieraz, esaldien egiturak oso ezberdinak direla». Bestalde, mossoen artean erabilitako polizia hiztegia ere landu behar izan du, bai eta Bartzelonako hainbat txoko euskal irakurle gazteengana hurbilarazi.
Xabier Mendiguren, Elkar-eko editoreak atzoko aurkezpenean adierazi zuenez, itzulitako bi liburuak sarituak eta irakurriak izan dira oso jatorrizko herrialdean eta horrexegatik hautatu zituzten.