GARA > Idatzia > Kirolak > Real Sociedad

Mendeurrena ardatz, zilarrezko ezteietan den gazteen torneoak


GARA | DONOSTIA

Klubak beteko duen mendeurrena izango da Aste Santuan zilarrezko ezteiak beteko dituen Realaren gazteen torneoaren ardatza. Aurtengo ekitaldia berezia izatea nahi dute eta, horretarako, 100 urte baino gehiago dituzten klubak bilatu dituzte, zortzitatik bostek (Bartzelona, Athletic, Sevilla, Atletico Madrid eta Reala bera) beteko duten baldintza. Beste hirurak Osasuna eta Gipuzkoako konbinatu klasikoak eta aurten lehen aldiz parte hartuko duen Valentzia izango dira.

Urteak dira Mestallakoek Gipuzkoa osoan jokatzen den txapelketa honetan parte hartu nahi zutela, baina hainbat arrazoi medio, orain arte ez da posible izan eta apirilaren 10ean hasiko den txapelketan, garaipen zerrenda luzea duen Real Madrilen ordez arituko dira. Sizilian zuten konpromiso batengatik, madrildarrek ezin zuten Gipuzkoara euren lehen gazteen taldea bidali eta, hauen bigarren taldea baino, antolatzaileek nahiago izan dute valentziarrei gonbita luzatzea.

Zilarrezko ezteiotarako, txapelketak iaz galdu zuen formatua berreskuratuko du eta 8 izango dira parte hartuko duten taldeak. Horiek bi multzotan banatuta egongo dira; A multzoan Bartzelona, Sevilla, Athletic eta Reala izango dira; B multzoan, aldiz, Valentzia, Atletico de Madrid, Osasuna eta Gipuzkoako konbinatua. Multzo bakoitzeko talde bakoitzak beste hiruren aurka jokatuko du eta talde bakoitzeko onenek elkarren aurka jokatuko dute finala, apirilaren 13an. ETBren eskariz gainera, urtero arratsaldean jokatu ohi den Anoetako finala eguerdian jokatuko da aurten.

Diru laguntzak

Txapelketak 45.000 euroko aurrekontua izango du eta taldeak bizi duen egoera ekonomiko larriaren ondorioz ezin izan dituzte atzerriko taldeak ekarri, gertuagoko taldeak ekarrita gastua askoz ere txikiagoa baita.

Ildo horretatik, Gipuzkoako Aldundiko Kirol zuzendari Iñaki Ugarteburuk jakinarazi zuenez, Foru Aldundiak eta Realak oso aurreratuta daukate kluba diruz lagundu ahal izateko hitzarmen berri bat. Konkurtso legean egonda, Realak ezin du diru laguntza publikorik jaso, baina nola egingo duten iragarri nahi izan ez zuen arren, Ugartebururen hitzetan, «laster Realaren jarraitzaileentzat berri onak izan genitzake». Hori bai, azken urteetan egon diren diru galera izugarriak berriro ere gerta ez daitezen, askoz ere kontrol neurri zorrotzagoak jarriko dituzte.

Harrobiko gaztetxoekin egiten duten lanagatik, herrialdeko gainontzeko klubek zuten hitzarmena ere bertan behera geratu zen, Realak ezin izan zuelako ordaindu. Zuzendaritza berriarekin, alor honetan ere, akordioa berriz ere posible izango da hemendik gutxira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo