GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Amaia Andreu eta Abel Ariznabarreta (*) Aberri Egun bateraturako deitzaileak

Aberri Eguna: mugak gaindituz, zubiak eraiki

Apirilaren 12an mugak gainditzen jarraituko dugu edo hobe, zubiak eraikitzen. Euskal Herriarentzat, guretzat eta gure ondoren etorriko direnentzat beste etorkizun bat nahi dugulako aterako gara kalera

Euskal Herri osoko ia ehun lagunek, Aberri Egun bateraturako deialdia egin genuen martxoaren 7an Donostian. Bertan, Amets Arzallus bertsolariak idatziriko «Mugak eta zubiak» agiria eman genuen ezagutzera. Artikulu honetan horri buruz jardun nahi dugu, mugez eta zubiez.

Euskal Herrian zenbat muga ditugun ikusteak kezkaz betetzen gaitu. Muga geografikoak izan baditugu, bitan banaturiko herria baikara, eta gainera, horren arabera, muga gehiago ere jartzen zaizkigu; muga linguistikoak ere nabariak dira, geografikoak baino gehiago, gainera; muga legalak; muga sozialak; gure hizkuntzan bizitzeko mugak. Mugak handiak dira gure herriaren historia eta izana jakin nahi dugunean ere, jakinduria hori eskuratzea mugatzen zaigulako eskolan eta alor orotan. Mugak ere munduaren aurrean nazio bezala agertu nahi dugunean, futbolean ez bada, arraunean, eta bestela, pilotan. Mugek zauritzen gaituzte eta gure burua ere mugatu ohi dugu, euskaldunak izaki, gure identitatea eta euskalduntasuna osoki bizitzeko eta adierazteko nahikoa irmotasun ez baitugu erakusten maiz. Gainera, gure artean elkar ulertzeko eta konpontzeko ere mugak izaten ditugu. Muga horiek guztiak gainditu ordez, muga gehiago sortzen ditugu, batzen gaituzten hainbeste osagai ditugunean: nazioa, lurraldea, hizkuntza, kultura eta zer esanik ez, nahi orokor bat: geure buruaren jabe izateko nahia.

Baina etsipenean erori beharrean, zubietan sinesten dugu guk. Beste milaka euskaldunek eta herritarrek sinesten duten bezalaxe. Mugak ez baitira gaindiezinak. Zubiak eraikiz gaindi daitezke mugak. Ez dira porlanezko zubiak eraiki nahi ditugunak. Milaka esku elkarri estuturiko zubiak dira nahi ditugunak. Elkar ezagutuz, elkarrengandik ikasiz, elkarri lagunduz, zazpiak batuz. Muga geografikoak arindu eta gaindituko ditugu, horretarako, guztion artean indar egiten badugu. Gure herrialdeak, herriak eta bailarak, denak batean bilduta, bizirik nahi baditugu, elkarri begira jartzea dugu onena. Zubiak eraiki ditzagun gure arteko harreman politiko, ekonomiko edo kulturalak trinkotzeko. Gure indarra ez dago gure mugetatik kanpo. Gure indarra gure baitan dago, gure arteko zubietan. Gure indarraren sinesmenean, herri legez dugun gaitasunean, aberastasunean eta bizitasunean. Ez gara, ba, alferrik honaino heldu. Bizirik gaude, baina bizi baino gehiago nahi dugu guk, ez baitugu edonola bizi nahi. Ez dugu nazio gisa ukatzen gaituztenen erabakien mende bizi nahi. Euskaldun bezala, herri librean bizitzea da gure ametsa eta nahia. Amets hori dugun guztion lana da zubiak eraikitzeko lanean aritzea, eskuak estututa, muga guztien gainetik. Guk gure hondar alea jarri nahi izan dugu horretarako.

Apirilaren 12an mugak gainditzen jarraituko dugu edo hobe, zubiak eraikitzen. Euskal Herriarentzat, guretzat eta gure ondoren etorriko direnentzat beste etorkizun bat nahi dugulako aterako gara kalera. Muga zaharrak atzean utziz edo haien gainetik igaroz. Euskal Herrian libre bizi nahi dugu. Euskal Herria libre nahi dugu. Elkar gaitezen guztiok Irunen eta ibil gaitezen eskutik helduta Hendaiara.

(*) Amaia Andreu eta Abel Ariznabarretarekin batera Ixabel Etxeberria, Gabirel Ezkurdia eta Zelai Nikolasek sinatzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo