GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Colonna kartzelan eta kolonoak, armak eskuetan, kalean

Yvan Colonnaren aurkako auziak agerian utzi du justizia eta politika eskutik doazela kolonietan. Joan den hamarkadan gertatu zen Claude Erignac prefetaren heriotza leporaturik atxilotu zuten Colonna. Geroztik afera argi-ilunez beterik izan da.

2007. urtean egin zioten lehenengo auzian ez zen aurrerapauso handirik eman atentatu horren ardurak argitzeko bidean. Korsikako mugimendu armatuari «marra gorriak» gainditu zituela argiki adierazteaz gain, Errepublikaren legea «berriz indarrean zegoela» Korsikan begi-bistan uztea zen asmo nagusia. Estatu arrazoiak lehen eta orain justiziaren gainetik daudela erakutsiz, froga erabakigarririk gabe, zigortu zuten.

Izan ere, ebazpenak zalantza ugari sortu zuen, eta korsikar gizartean mugimendu zabala eratu zen justizia aldarrikatzeko.

Bigarren epaiketak aukera berria zabalduko zuela sinetsi nahi zuen Korsikako gizarteak. Bereziki, azken bi urteetan Cargèse-ko artzainaren errugabetasuna sostengatzen duten lekukotasun berriak agertu direlako.

Alta, Frantziako Barne Ministerioan Erignacen heriotzari buruz jasotako informazio berezi horiek aztertzeko eskaerak ez du behar besteko indarrik izan frantziar justiziak aitzinetik aukeratutako ibilbidea aldatzeko.

22 urteko kartzela zigorra, orain irmoa, jaso du Colonnak. Eta lehen zalantza ugari ziren tokian, oraingoan susmoak nagusitzen dira. Diskriminazioa, injustizia, mendeku gosea... sentipen guztiak astindu ditu ebazpenak, eta oro har, auzia osoan zehar epaileek agertu duten mespretxuak.

Manifestazioak han-hemenka ugaldu dira uhartean eta Polizia eta herritarren arteko borrokak ere bai... 14 urteko gazte bat oso larri zauritu eta erietxera eraman behar izateraino.

Armak eskuetan, hortzak erakutsi dituzte kolonialismoaren zaintzaileek Bastian. Estrasburgen, bien bitartean, Poliziak NATOren aurka karrikara atera diren manifestariak jipoitzen ditu. Su eta ke egunak Korsikan zein Alsazian.

Izan ere, justiziaren desmasiak zein poliziaren indarkeria amaigabea azaleratzen duten Amnesty International-eko txostenek ezin dute Sarkozyren poza ozpindu. Berari esker, Frantzia NATO erakunde militarraren kolono berria bilakatu da. Kolpez kolpe bada ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo