GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Egurraldi-mapa

Ke zuria zerion lehengoan Gasteizko Legebiltzarreko tximiniari. Habemus... Beraz, oremus; ora pro nobis. Nik ez nuen ikusi baina esan didatenez inguruan ziren hainbat herritar intoxikazioak jota ospitaleratu behar izan zituzten ke-aldian.

Tira, harira! Berba bi badira azken sasoi honetan edonondik agertzen zaizkidanak, esaldi berean batera ageri ohi ez diren arren: «krisia» eta «aldaketa». Hiztegira jo dut argitasun eske eta horretan saiatu banaiz ere sartu baino ilunago atera naiz hiztegitik. Aldaketa zer den irakurtzen hasi eta olio-aldaketa kontzeptura ailegatu naizenerako minak hartuta zeukan nire burua, ni konturatu gabe. Tira! pentsatu dut, ea zorte hobea dudan beste berbarekin! Krisia: errealitate organizatu baten aldaketa, egitura batena batez ere. Demontre! hau horrela Ajuria Eneako maizterra lemazain duen Gobernukoa zer izango, aldaketa ala krisia? Eta EITBkoa? Ehiztari batzuek diotenez azken etxe honen txoriarenak egin du dagoeneko, euskal izaerari dagozkion hainbat kontutan behinik behin, nahiz eta lehendik ere hegoak ebakita izanda ez zuen Sabin Eneatik alde egiten. Total, aurrerantzean etxe horretan bestelako biodibertsitatea da izateko, txoritzarrez: txoriburuak, txorimaloak, txorizoak, eta batek daki! txoribarroteak!. Hori ei da konstituzio-kumeen paktuaren patua.

Lehenengo aldaketa segituan da begien aurrean agertzekoa: Egurraldi-mapa. Akabo ekialdetik Euskadira sartu daitezkeen fronteak, nafar lurretik pasatu behar badira behintzat. Akabo klima Trebiñon. Akabo ere iparretik etorri daitezkeen aire-masa hotzak! muga izango dute horiek zain, ausartu ezkero! Mapa berriak hutsa baino ez du izango ekian eta iparrean; hegotik baino ez du segida sendoa izango, beheko Estatuaren era askotako fronteek pasabide lasaia izan dezaten: Madrileko antizikloiari bizitza luzea opa berri diote. Eta antizikloi horren aurrean euskal zikloia aldarrikatzen dutenei egurra.

Egurraldi-mapa. Klima politikoaren adierazle. Hego haizea baino ez; edo haize hegoa. Beraz, badakizue, gau epela ilargiaren argi... Tira! zerua ez dugu denbora batez erabat garbi ikusiko, konstituzio ukitu batekin helduko baitzaizkigu giro desatsegineko hodei matazak... giro epela nonahi...

Eta jelkideak derrepentean GKE bihurtuak! Gobernuz Kanpoko Erakundea! EAJ: Ene! Ama! Jainkoa! Besteek habemus eta hauek oremus.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo