GARA > Idatzia > > Mundua

Aljeriako hausteskundeek ez dute gazteriaren interesa piztea lortu

Aljerian geratu ala atzerrira joan. Hala laburbil daiteke Aljeriako gazteen sentimendua. Hauteskundeak izatear direnean, hautagaiek haien botoa eskuratu nahi dute, herrialdearen %75 ordezkatzen baitute. Baina, gazteek ez dute etorkizuna batere argi ikusten.

GARA |

Lehendakaritzarako hauteskundeak egingo dituzte Aljerian datorren ostegunean. Hautagaiek gazteen botoa eskuratu nahi dute nola edo hala, Aljeriako biztanleriaren gehiengoa baitira, %75 alegia. Baina, ez dute lan erraza izango, gazteek ez baitute interes handirik hauteskundeetan. Etorkizuneko aukera eskasak eta gazteei zuzenduriko politika eraginkor baten falta izan daitezke interesik ezaren funtsezko arrazoiak. Askok ez dute argi zer egin, han geratu ala atzerrira joan. Ametsak bete nahian, urtero aljeriar askok Europarako bidea hartzen du Mediterraneoa zeharkatuz.

«Emazte bat nahi dut, eta etxebizitza eta autoa ere bai. Aljerian ezin dut hori guztia lortu. Gazteok ez dugu etorkizunik herrialde honetan. Bizitza ikusle moduan ikustea edo arazoek ni akabatzea baino, nahiago dut itsasoan hil, arrainek irentsita», helarazi zuen Redak, 28 urteko gazteak. Ostegunean ez du bozkatuko.

Datu ofizialen arabera, 2008ko langabezia %11,3koa izan zen. Kaltetuenak 35 urtetik beherakoak dira, nahiz eta Gobernuak hamaika kanpaina egin.

Langabezia eta baliabide eskasiak eraginda, droga-trafikatzaileen jomuga bihurtu dira gazteak. «Lau gaztetik batek droga hartzen du. 1993an 1,3 tona kanabis sartu ziren Aljerian. Iaz, 38 tona», ohartarazi zuen Mustapha Khiatik, Osasunaren Sustapenerako eta Ikerketaren Garapenerako Nazio Fundazioaren (Forem) presidenteak.

«Azken urteetan, gazteekin loturiko arazoak -futbol zelaietan aldiro izaten diren liskarrak, esaterako- nabarmen gehitu dira. Kezkagarria da», plazaratu zuen. Dena den, «gazteriaren gehiengo isil batek ikasketak egiten ditu eta lana bilatzen du». Maya, horietako bat da. Geologiako ikaslea da Bab Ezzuar Unibertsitatean, Aljerren. «Hemen egon eta bizi nahi dut. Artista izatea gustatuko litzaidake. Txalupa batean emigratzea da beste aukera. Gazte batzuek uste dute Europa paradisua dela, baina guztiz oker daude», adierazi zuen. Oraindik ez du erabaki bozkatuko duen ala ez.

Monetaren beste aldea

Oraina eta etorkizuna hain ilun ikusten ez duenik ere bada. Hassen Khelifati, Aliance aseguru-etxeko presidente eta Enpresarien Foroko kidea da. Haren hitzetan, «lanaren bidez Aljerian ere lor daiteke arrakasta».

Ekonomia ikasi zuen Aljerreko goi mailako Merkataritza Eskolan. Enpresarien belaunaldi berriaren adierazle da. «Lanaren garrantzia eta balorea berreskuratu behar ditugu. Gazte batzuek berehala autoa eta etxea erosi eta ezkondu nahi dute. Hori ezinezkoa da», adierazi zuen.

bandera beltzak

Kultura eta Demokrazia oposizioko bereber taldeak herrialdean dituen bulego guztietan bandera beltzak ipiniko ditu hauteskundeak eta zentsura salatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo