GARA > Idatzia > > Kultura

Kronika | Arabako bertsolarien finala

Bere bi ikaslek jantzi zioten Oihane Pereari Arabako Bertsolarien txapela

Oihane Perea eta Asier Otamendi pasa ziren buruz burukora Gasteizko Principal antzokian jokatu zen Arabako Bertsolari Txapelketako finalean, eta Pereak jantzi zuen bere bigarren txapela.

p049_f01_148x144.jpg

Joxean AGIRRE

Oihane Pereak erregulartasuna eman zion finalari. Asier Otamendik ideiak eta ateraldiak. Manex Agirrek eta batez ere Iñaki Viñasprek giroa ekarri zuten antzokira. Juaristi oso txukun aritu zen eta Rikardo Gonzalez de Duranak ere utzi zuen ale bikainik, Patxi Lopezen bizkartzain gisa kantatu zuena, esaterako.

Zortziko nagusian gai tristeak izan ohi dira askotan. Nahikoa drama bada haurdun geratu eta bost umeren zain egotea, baina Oihane Pereak eta Iñaki Viñasprek umorearen aldetik heldu zioten gaiari. «Zuek bikotea zarete. Bost seme-alabaren guraso izango zaretela esan dizue medikuak», hara, jarri zieten gaia. «Guraso izan ta ezin izan, hori da gure egia/ baina azkenean klinika batek egin digu miraria/ maitasunean eta zortean ze bikote ugaria/ hau da zortea, boskoitza dela bonbo hontako saria», hasi zen Perea.

«Ze egin behar du holakoetan ni moduko aita traketsak/ bost ume eta denak batera, gehiegi ez al da guretzat/ baina guztiak ere ez dira izango hain aldresbesak/ asteburutan egin ahal dugu futbito taldea behintzat», erantzun zion Viñasprek.

«A zer sorpresa ekarri digun holako erabakiak/ utzi futbito ta mus partidak eta utzi aitzakiak/ beharko ditugu gauza ugari, izarrak ta eguzkiak/ beharko ditugu osaba-izeba eta aitona-amona guztiak», bota zuen Pereak eta maila horretan egin zuten aurrera. Zalantzarik gabe, neurri horretan entzun ziren bertsorik onenak izan ziren.

Zortziko txikian Otamendirekin egokitu zitzaion Pereari. Gaia, honako hau: Oihane irakasleak eskultura erakusketa bat egin du eta ikasleak, Asierrek, berak egindako lan bat ikusi du irakasleak ikusgai jarri dituenen artean. Asier oso goitik abiatu zen: «Artea ikasteko banuen afana/ ta gaur erakusketa horra naiz joana/ aiba, nire eskultura, ai ama!, ai, ama!/ hau da zuk suspenditu ein zenidan lana» kantatu zuen lehena.

Puntutan ere buruz burukora pasatu zirenak eta Manex Agirre ibili ziren finenik. «Bertsoaren munduan sartzen garenean», jarri zioten puntua Pereari. «Hainbeste jende dugu gure oroimenean/ gaur ia 700 igota trenean/ mila izango gara etorkizunean», erantzun zuen.

«Gaztea izatea ez da hain erraza», jarri zioten Manex Agirreri. «Laister hogeita hamarren langa behar dut pasa/ baina juergatarako oraindik kapaza/ gazte izaten jarraitu nahi dut neure kasa», erantzun zuen.

Arratsaldeko bertsoaldirik politenetako bat hamarreko txikian Otamendik eta Agirrek egin zutena izan zen. Gaia: «Asierrek behartuta egin zuen soldaduska eta bere semeak, Manexek, bere borondatez ejerzitoan sartu nahi du». Otamendik: «Soldaduskan pasa nun nik momentu txarrik/ ta ez dut oroitu nahi, ez da esan beharrik/ semeak joateko badauka indarrik/ horixe da mutila galtzea alperrik/ zoaz Perejilera, baina zu bakarrik». Agirrek: «Nola gure aita hau zahartzen ari dan/ nik oraindik sinesten dut bere distiran/ aurrekoan amak album bat ekarri zidan/ bertan uniformeaz lau foto segidan/ ta kriston inbidia ekarri zenidan». Otamendik: «Inbidia eman nizun, gainera egitan/ ezkutatzeko asmoa izan dut sarritan/ ze gaizki pasa nuen garai aspalditan/ hori ikusiz distira daukazu begitan/ jantzi zenezake, baina inauteritan». Agirrek: «Ja, ja, inauteritan, ba nik ez dut uste/ etxean pasa ditut hamaikatxo urte/ diodana serio hartu behar zenuke/ fusila ta bandera musukatze truke/ zu bezala gizon bat izan nahiko nuke». Eta hona Otamendiren erantzun bikaina: «Izan zaite ba gizon, hartzazu kamaina/ta etxetik urrun zoaz alajaina/ igual Afganistanen zuk egin hazaina/ jarri trajea eta esan `Viva España'/ baina oroitu etxean ni naiz kapitaina».

Bakarkakoan ere Otamendi bikain ibili zen. Homosexual biren semearen larruan jarrita, eskolan burla egiten zioten lagunei kantatu zien. «Nire bi aitak maite ditut nik zuen amak baino gehio», bukatu zuen lehena eta hona bigarrena: «Ta ikastetxean jadanik badut nik ez dakit zenbat ospe/ ta horregatik ni baztertzea ez nuen inolaz uste/ aitan eguna ospatzen dut nik zuek amana hainbeste/ ta Gabonetan zenbat opari sekulako ez nago triste/ bi Olentzero izaten ditut ta izorratu zaitezte».

Aurrez aurrekoan, 15 urteko neska-mutikoarenak egiten primeran aritu ziren biak, Oihane neska ausarta zela eta Asier apala. Kartzelako gaian («Egunkarian notizia hori behin eta berriz irakurri duzu eta ezin duzu sinetsi») Otamendik Arabako arkeologia aurkikuntzen parodia ederra egin zuen eta faraoi bat jarri zuen txapel eta guzti. Perea, aldiz, genero indarkeriaren gaineko berri bati buruz aritu zen. Final biribila, bertso on ugari eta giroa ikusgarria.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo