GARA > Idatzia > > Kultura

Kronika | Xiru jaialdia

Basterretxearen burdinazko haritz hostoa jarri dute Irabarneko Iturzabala parkean

Haritz amerikarraren hosto baten irudia oinarritzat hartzen duen burdinazko eskultura berri bat ezarri da Irabarneko Iturzabala parkean. Xiru jaialdiaren XX. urteurrenaren karietara, Nestor Basterretxearen obra aurkeztu eta artista omendu zuten bertan.

p050_f01_199x88.jpg

Ainize BUTRON
 
«Ehun obra izanen direlarik ere, guztiak, banan-banan, ibilaldian ohoratuko ditugu», erran zuen atzo Mixel Etxekoparek Iturzabaleko parkera inguratu ziren ehun bat lagunei parkean barna ibilaldia egitera gomitatuz. Izan ere, 2004. urteaz geroztik, Iribarne auzoan den parkea artisten esku jartzen dute Xiru jaialdiko antolatzaileek. Hala, Maitena Lougaroten “Iturzabal” deitu obrarekin hasita, dagoeneko bost eskultura biltzen dituzte bertan.
 
Amaren Alabak neska talde kantariak lagundurik, eta txirula eskuetan zuela, obra bakoitza aurkezten aritu zen atzo Mixel Etxekopar, azken uztara iritsi aurretik. «Parkeak Iturzabala du izena, azpitik iturria ibiltzen baita. Baina, bertaratzen diren guztiek ‘kirol parkea’ deitzen diote jada», azaldu zuen Etxekoparek.
 
Maitena Lougaroten, Uztaro elkartearen edo Juanes Etxegaraien lanak, besteak beste, ikusgai dira bertan, leku horrekin zerikusia duten obrak landu dituztela guztiek. Ibilaldi horretan, aurtengo edizioak kutsu berezi bat azaltzen zuen. Izan ere, ibilbidean obrak agertzen ziren heinean, urrutian begiztatzen zen Nestor Basterretxearen burdinazko eskultura erraldoia. Zazpi puntako hostoa irudikatzen duena, hain zuzen ere, obraren gaia «zazpi eta bat» baita, nonbait Euskal Herritik abiatu behar izan zuten milaka herritarren omenez egindakoa.
 
Nestor Basterretxeak berak Irabarnerainoko bidea egin zuen atzokoan, bere hautuaren berri emateko eta Xiru jaialdiko giroaz gozatzeko. 2007ko udazkenean agertu zen Gotaine-Irabarnen, bere obra non ezarriko zen ikusteko. «Lurra haritz hostoz josita zegoen», argitu zuen.
 
Baina, ez ziren edonolako hostoak, haritz amerikarretatik eroritakoak baizik. «Haritz amerikarraren hostoa bertoko haritzarena baino luzanga eta zorrotzagoa da. Ameriketara joandako artzainak gogoratzea helburu zuela-eta, hosto horren bidez irudikatzea egokia iruditu zait», nabarmendu zuen. Horrekin, bere obra Zuberoako bazter horretan uztearekin, «poz handia» hartzen zuela adierazi zien Basterretxeak. «Zuen espiritualitatea eta zuen maitasunerako gaitasun handia ikusiz, oso zoriontsu sentitzen naiz», goraipatu zuen artistak.
 
Hitz horiek Mixel Etxekoparen umorearekin tartekaturik izan ziren. Horrela, omenaldia bukatzear zela, Etxekoparek eskuan zuen egurrezko makila hartu eta, burdinazko hostoan kolpetxoak jotzen hasi zen, hala, erritmoz beteriko doinu bat asmatuz. Eskulturak ateratzen zituen soinuak ikusirik, honakoa bota zion Basterretxeari: «Oso ona!».

Gizona, omendua
 
Atzoko ekitaldian, Basterretxea, gizona bera, omendu nahi izan zuten Xiru jaialdiko antolatzaileek. Zamaltzainaren dantzaren bidez egin zuten. Horrekin batera, Mixel Bedaxagarrek, kantari eta Basterretxearen obra gauzatu duen errementariak, hitzaz baliatu baino, kantuari ekin zion Iparragirreren kantu bat abestuz. Azkenik, Xumai Muruak eta Juanes Etxebarriak bi bertso eman zituzten.
 
Kantu, poesia eta dantza zirela medio, umore ona eta herri giro atsegina izan ziren nagusi atzoko egunean. Zuberoako pentzeetan gaindi, lasaitasunez ekin zioten arte-ibilaldiari, eta gauean, berriz, Xiru jaialdiaren XX. urteurrenaren karietara prestatutako ikusgarria eman zen.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo