GARA > Idatzia > Kirolak > Txirrindularitza

Miguel Indurain Sari Nagusia

David De la Fuente, borrokalari apalaren istorio zoriontsua

Kantabriarrak ezustekoa eman zuen Lizarran, eta merezimendu osoz lortu zuen garaipena Miguel Indurain Sari Nagusian. Valverderi huts egin zioten indarrek.

p045_f01_199x136.jpg

Koldo AKORDARREMENTERIA | GASTEIZ

Txirrindularitzako lasterketa baten emaitza milaka faktorek baldintzatzen du: taldearen estrategia, taldekideek egiten duten esfortzua eta duten gaitasuna, arerioen maila fisikoa... Baina, azkenean, txirrindularia bera da lasterketari bukaera onena emateko erantzukizuna duena. Eta batzuetan, faktore guztiak alde izateak ez du bermatzen faboritoaren garaipena. Atzo Valverderi horixe gertatu zitzaion Miguel Indurain Sari Nagusian.

Aurtengo ekitaldiaren gogortasuna gehiegizkoa izango ote zen beldur handia zegoen. Antolatzaileek bost igoera gogor -lehen, Puyko aldapa behin bakarrik igotzen zen, bukaeran- eta bigarren mailako mendate bi jarri zituzten, horrek ikusgarritasuna ekarriko zuelakoan. Eta tropela ere inoizko lehiakorrena zen, 9 ProTour talderekin. Inork ez zuen hutsik egin.

Hasieratik mugimendua izan zen nagusi, eta ohikoa den bezala, etapa-ehiztariak lehen kilometroetatik ahalegindu ziren eguneko balentria bilatzen. Euskaltelek oso indartsu ekin zion lasterketari, eta sortu ziren ihesaldi guztietan, bazen Galdeanoren taldeko txirrindulariren bat. Aurrean badaezpada norbait izateaz gain, lasterketa kontrolatzeko erantzukizuna Caisse d´Epargne taldera pasatzea zen taktika horren helburua.

Baina Unzueren taldeak ongi igarri zituen laranjazko txirrindularien intentzioak, eta bere estrategia prestatu zuen. Izan ziren ihesaldi guztiak kontrolpean izan zituen, eta hori gutxi ez eta, Alejandro Valverderen garaipenaren aukera asko argitu zen Samuel Sanchezek eta Nocentinik lasterketa utzi zutenean. Gainera murtziarraren taldekideek sekulako sasoia erakutsi zuten. Vasil Kiryienka eta Luis Leon Sanchezen lanak eragin zuzena izan zuen tropelean, eta Eraul mendatearen bigarren igoerarako, aukeraketa nagusia eginda zegoen. Talde nagusian 20-30 kide zeuden azken kilometroetan eta haien artean zegoen dema. Euskaltelek Egoi Martinez zeraman, baina garaipena lortzeko faboritoak Valverde, Joaquim Rodriguez, Wegmann eta Schleck anaiak ziren.

Puyko horma

Caisse d´Epargneko izarra babesean heldu zen Puyko azken igoerara. Aurretik 950 metro geratzen ziren, kale estu eta aldapa gogorretan barrena. Valverderi, ordea, indarrek huts egin zioten -ez da lehen aldia- eta atzetik indar bizian atera zen David de la Fuente. Txirrindulari kantabriarrak puntutik atera zituen arerio guztiak eta metro batzuk lortu zituen. Indar erakustaldi itzela egin, eta uste baino errazago lortu zuen garaipena.

Gauzak horrela, berriro ere argi geratu zen ez dela nahikoa taktikarik onenari jarraitzea, taldekideen lana bikaina izatea eta arerioak erditik kentzea. Azken hitza txirrindulariaren izterretan dago. Ez beste inon.

FUJI SERVETTO

Pasa den astean Gaztela eta Leonen, Coborekin, eta atzo Lizarran, De la Fuenterekin, garaipenak lortu ostean, Matxinen taldeak modu ezin hobean ekin dio bideari. Bihar hasiko den Euskal Herriko Itzulian ere kontuan hartzeko taldea izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo