GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Top 14

Dimitri Yachvilik erabaki du derbia

Baionarrek jarraitzen dute seigarren postuan, baina lau jardunaldiren faltan, Biarritz bi puntutara gerturatu zaie.

AVIRON 15

BIARRITZ 19

Jon LEUNDA | BAIONA

Biarritzek garaipen garrantzitsua lortu zuen atzo Baionan, eta datorren urtean Europako lehiaketarik garrantzitsuenean, Heineken Kopan, alegia, jokatzeko urrats handia eman zuen. Hala ere, zuri-urdinek ere puntu bat batu zuten defentsako lanari esker, eta une honetan hiriburukoek jarraitzen dute seigarren postuan, baina orain bi puntutara dute Biarritz, postu bat atzerago. Lau jardunaldi geratzen dira Liga amaitzeko, eta lehenengo seiek lortuko dute datorren urtean Heineken Kopan aritzeko txartela, bi euskal taldeek ez baitute ezer handiagorik egiteko modurik izango.

Atzoko norgehiagokak protagonista nagusi bat izan zuen, Dimitri Yachviliren jokorik onena ikusi baitzen Jean Dauguer zelaiko berdegunean. Hori ederki eskertu zuten biarriztarrek, zuri-urdinen galeran. Etxekoen gabezia bat ere agerian geratu zen atzo, izan ere zigor-kolpe ugari alferrik galdu baitzituzten. Talde batean beharrezkoa da jaurtitzaile on bat izatea, eta atzo, horren faltan, Baionakoak puntu batekin geratu ziren, gainerakoan irabaz zezaketen arren.

Orekatua

Norgehiagoka orekatua izan zen, baina etxekoek huts egindako zigor-kolpeak erabakigarriak izan ziren. Zelai erdian ibili zen baloia sarri, bi taldeak presioa goian egiten saiatu baitziren, eta puntuak ostikoen bidez heltzen ziren. Traillek ekin zion kanpotarrak aurreratzeari, lehen minutuan lortutako drop bati esker. Hortik aurrera oreka nagusi, eta baionarren huts egiteak ere bai, ez baitzuten zigorrekin asmatzen, eta Yachvilik, berriz, ez zuen hutsik egiten. Hala ere, markagailuan tarte txikia zen, eta 6-9koarekin atseden hartzera joango zirela zirudienean, Yachvilik entsegua lortu zuen, eta ondorengo jaurtiketa ere barrura bidali zuen, 6-16koa jarriz markagailuan.

Bigarren zatian saiatu ziren etxekoak estutzen, markagailuan gerturatu ere egin ziren, baina kanpotarrek primeran eutsi zieten etxekoen erasoei, eta Avironek entseguko marrara hurbiltzeko ia paradarik ere ez zuen izan.

Biarritzek defentsako lana egin behar izan zuen bigarren zatian. Trauillek drop bat gauzatu zuen seigarren minutuan, baina hortik aitzinera atzean estutu behar izan zuten, etxekoen presioari eusteko. Azkenean, Avironek ez zuen partida berdintzerik, ezta iraultzerik ere, lortu, eta defentsako puntu gehigarriarekin konformatu behar izan zuen, eta horiek oraingoz nahikoak ditu seigarren postu horri eusteko, baina aurrerantzean hutsak egiteko tarterik ez du izango, Biarritz bi puntutara jarri baitzaio, eta oso indartsu datoz zuri-gorriak.

Zigor-kolpeak

Talde batean beharrezkoa da jaurtitzaile on bat izatea, eta Avironek hori falta duela agerian geratu zen atzo. Huts asko egin zituzten, batez ere lehen zatian, eta horren ondorioz partidak ihes egin zien.

Joko handirik ez

Derbiak normalean joko gutxikoak izaten dira, eta atzo ere horrela izan zen. Lehen zatian zerbait izan zen, baina bigarrenean Biarritzek atzera jo zuen, eta joko handirik ikusterik ez zen izan.

Baionako karriketan eguerdirako nabaria zen zalaparta

Top 14ko lapurtarren arteko derbiak bereziak bezain koloretsuak izaten dira, eta atzoko eguna ere ez zen gutxiagorako izan.

Eguerdi partean festa giroa sumatzen zen karriketan, neurketa iluntzean izatekoa bazen ere. Pottoka eta Geronimo, Avironen eta Biarritzen ikurrak, ere saiatu ziren festa atontzen.

Jendearen zalaparta eguerdirako nabaria zen. Tabernetan, autoetan, autobusetan, denetan zen agerikoa. Arratsaldean hori guztia berotuz joan zen, eta partida hasi baino ordubete lehenago bete ziren Jean Dauguer zelaiko harmailak. Hor ere jai giroa nagusi, musika izan baitzen partida hasi aurreko protagonista.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo