Gari Mujika Kazetaria
Segurtasunik gabeko harremanak
Egunak daramatzat Villabonako plazan zain. Ea, halako batean, azaltzen den. Ulertzekoa da bulegoko armairu eta kajoiak korrika batean, presaka, husten ematea egun hauek, baina sikiera VHS formatuan balitz! Madrilgo epaile bati emateko gai baldin badira, nola ez ba euskal herritarrei? Manex Castrok argiago eta garbiago ezin zuen hitz egin. Pantaila erraldoi eta guzti, hementxe, zain.
Zain egon beharrean, berriro lo hartu duena esne-banatzailea izan da Hernanin. Zortzi eraman dituzte oraingoan. Eta beste bi Gasteizen. Bost egun. Espetxea zain. Eta torturaren itzala berriro gainean, noizbait joan bada. Betiko legez, titular toxikoek errealitatea desitxuratu dute, baina hizki larriz idatzitako herri honetako istorioak sekula ez dira agintarien liburu-izkribuetan joango. Horiek herritarrek idazten baitituzte.
Egiazko batzarrak sortzeko proposamen osatua egin du Gernika Lau Haizetarak, baina gorrarena egiten duenak entzungo ez balu, eginez segi behar du derrigorrez. Euskal Herrian bai behintzat.
Konpromisoa garesti ordaintzen jarraitzen da. Ez da albiste berria, nahiz eta errealitate gordin hori bera ikustea ere are eta lausoago jarriko dutela esanez aurkeztu zaizkigun Francisco eta Antonio. Eta ez, Opuseko neska motzak iragarri duenez, kondoiak ez zaizkie doan banatuko euskal gazteei. Akaso espainolek herri hau Afrikarekin nahastuko zuten?
Akaso preserbatibo bereziak sortu beharko genituzke, segurtasun gabeko hartu-eman gehiegi izatera behartuak baikara egunero euskaldunak. Villabonako plazan segitu behar, behintzat agintarien gezurrak agerian uzten dituzten kondoiak jantzita.