Inazio Agirre Ezker abertzakeko kidea
30 urteren ondoren
Nork bere lanaren zatia bete behar du: banakoek euskal nortasuna osatzea; entitate publiko eta pribatuek beren harremanak euskalduntzea; nazioak indarrak biltzea eta Euskal Herri euskaldunaren aldeko politika gauzatzea
Behatokiaren azken zortzi urteetako txostenek euskararen egoera larria adierazten dute: «Euskal Herri osoan eta administrazio guztietan egiten dira hizkuntza eskubideen urraketak... herritarren kexak urtetik urtera errepikatzen dira... hizkuntz eskubideak bermatzeko tresna juridikorik ez dago». Non daude hizkuntz eskubideen eta normalizazioaren progresibotasuna? Euskaldunok egunero ditugun oztopo horiekin, nola lortu Euskal Herri euskalduna? Menpeko politiken mugak eta tranpak nabarmenak dira: euskara normalizatzea Euskal Herrian inposatzea baldin bada, espainiera Madrilen eta frantsesa Parisen ere inposatzen dira; han gurasoek eskolako hizkuntza aukeratzeko eskubiderik ez badute, hemen zergatik bai?
Azken 30 urteotan, PPk euskara desagerraraztera jokatu du; eta PSOEk berreskurapena eragoztera, PNVren laguntzarekin. Ondorioa, aginte publikoen jardun arautzaile eta suspertzaile eskasa; eskubide indibidualen babes eraginkorrik eza; erakundeek ez dute hizkuntz eskubide kolektiboen defentsa politika tinkorik erakutsi; euskalgintzarekin elkarlan urria bideratzea eta, sarritan, aurka ere jotzea. Horrenbestez, txikitutako euskal kontzientzia ez da behar adina suspertu, ez da hazi euskararen erabilera soziala eta hizkuntz kolonizatzaileen asimilazioak jarraitzen du.
PPren eta PSOEren aurrekoek, bertako kolaboratzaileen laguntzarekin, indarkeriaz burutu zuten Euskal Herriaren konkista, menderatze eta kolonizatze historiko luzea. Baina gaurkoen jarrera jakobinoen eta frankisten oinordekoen fobia da, Canovas del Castillorena: «Cuando la fuerza causa estado, la fueza es el derecho». Indarkeriaren apologia indarrezko egintza zuzenbide iturri bihurtzeko, erreparazio historikoa ukatzeko, euren hizkuntzentzat eskatzen dutena euskarari eragozteko, euskara galtzeko arriskuan uzteko eta beren estatu-hizkuntzen hegemonia inposatzeko. Horregatik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, euskaraz ez dakiten Gobernuko lehendakaria eta Legebiltzarreko presidentea jarri eta menpeko hizkuntza eta hezkuntza politikak areago mugatu nahi dituzte.
Hogeita hamar urteren ondoren, intsumisio linguistiko eta kulturala da aterabide bakarra. Hizkuntz politika berria, nazionala eta burujabearen garaia da. Euskararen eskubideak iraunkorrak dira Euskal Herrian. 1996ko Deklarazio Unibertsalaren arabera, «hizkuntz komunitatea da zuzenbidezko subjektu». Berdintasunezko printzipio hori behar dugu, gure eskubideak ez ezik, munduko pertsonen, hizkuntzen eta herrien eskubideak ere gauza daitezen; Euskal Herriak eta munduko hizkuntz komunitate guztiek lehentasun osoa izan dezaten beren lurralde historikoetan. Herritar guztien hizkuntz eskubideak bermatzeko, hizkuntz komunitate bakoitzaren osotasunaren baitan, eta munduko hizkuntz aniztasuna bermatzeko.
Horretarako, beharrezko tresna politiko, juridiko eta bitartekoak lortu behar ditugu: euskal estatua, independentzia eta herri gogoa. Eta geure gezur sozialari aurre egiteko nork bere lanaren zatia bete behar du: banakoek euskal nortasuna osatzea; entitate publiko eta pribatuek beren harremanak euskalduntzea; nazioak indarrak biltzea eta Euskal Herri euskaldunaren aldeko politika gauzatzea. Bi premisarekin: nekez euskaldundu dezake Euskal Herria bere burua aurretiaz euskalduntzeko gai ez den pertsonak, erakundeak edo alderdi politikoak, eta independentziaranzko bidea gidatzen duten sektoreen hizkuntz kontzientziak eta euskarazko jardunak bakarrik berma dezakete -euskalgintzarekin elkarlanean eta euskaraz bizitzeko herritarren jarrera zibiko-politikoarekin- hizkuntz kolonizazioa amaitzea eta euskararen herria berrosatzea.
Horiek dira, nire ustez, azken 30 urteotatik atera beharreko irakaspen nagusiak, eratu behar den gune independentistak hasieratik bertatik burutu ditzan. Helburua da euskalduntze prozesuaren hazkunde global iraunkorra lortzea eta erakundeen, enpresen eta herritarren beharrak betetzea, bi belaunaldiren barruan euskaldun eleaniztunez osatutako Euskal Herri euskalduna iristeko.