GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | Iñigo Urzelai gaztearen testigantza

«Ospitalera eraman behar izateko neure buruari min egitea ere pentsatu nuen»

Polizia espainolaren eskuetan emandako bost egunetan bizitakoaren berri eman zuen atzo Iñigo Urzelai gazte hernaniarrak. Unerik gogorrenak Donostiako komisarian pasa zituela azaldu zuen. Bertan sekulako zaplaztekoak eta ukabilkadak jaso zituen. Bertatik atera, ospitalera eraman eta lasai utz zezaten bere buruari min egitea ere pasatu zitzaion burutik.

p013_f02_100x110.jpg

Asier VELEZ DE MENDIZABAL

Atzo Donostian emandako prentsaurrekoan Iñigo Urzelairen begiradak gauza asko islatzen zituen: bost egun luzeetan Polizia espainiarren eskuetan bizitako izua, ezinegona eta mina. Aske geratu eta bi egun bakarrik igaro ostean hitz egitea gazte honen indarraren erakusgarri da, baina horrek ez du esan nahi poliziek atxikita emandako 120 orduek ez diotela barrenean aztarnarik utzi. «Hain latza izan da bizitako guztia, ezen neure buruari min egitea ere pentsatu bainuen, horrela ospitalera eramango ninduten esperantzaz», azaldu zuen Arzelaik.

Bost egun horietan bizitakoa zehatz-mehatz kontatu zuen gazteak, astearteko 02.20etan bere etxean sartu eta ohetik altxarazi zutenetik larunbatean Baltasar Garzon epailearen aurrera eraman zuten arte gertatutakoa. Poliziak etxean kolpeka sartu zirenean, ama asko ikaratu zela azaldu zuen, baina hala ere, Rubalcabaren gizonek kotxea miatzen zuten bitartean bertan egotera behartu zuten «kotxearen titularra zelako».

KOLPEAK ETA MEHATXUAK

«Amari tristura begiradan nabari zitzaion. Negar egiteko zorian zegoen, oso urduri eta ia ibili ezinik. Oso gogorra izan zen niretzat nire ama egoera horretan ikustea», kontatu zuen hernaniarrak. Etxea miatzen amaitu eta gero, Hernaniko Plaza Berriko lokal batera eraman, eta bertan izan zuten bost orduz. Donostiako Polizia espainolaren komisariara eraman zuten segituan. Hasieran poliziak berarekin «jatorrak» ziruditen arren, handik gutxira hasi ziren mehatxua eta irainak.

«Gelaz gela mugitu ninduten eta azkenean elektrizitate aretoa zirudien gela txiki batean giltzapetu ninduten. Han hasi ziren galdeketa latzenak. Haiek nahi zutena esaten ez nuela ikustean, tipo itsusi bat ekarri zuten, eta gorputz osoan kolpeak ematen hasi zitzaidan. Ukabilkadak eta zaplaztekoak ematen zizkidan aurpegian. Ez nekien zer egin. Isilik geratuz gero, gogorrago astintzen ninduen». Mehatxu eta jipoiek ez zuten etenik izan Donostian eta Madrilerako bidean.

Behin Madrilgo komisarian, gazte hernaniarrak, «desesperazioak jota», deklarazioa sinatzea erabaki zuen. «Gau erdian esnatu eta bi polizia eta ofiziozko abokatuarekin deklarazioa egitera eraman ninduten. Poliziek zer egin nuen eta zer ez esaten zuten eta sinatu arte ez nindutela bakean utziko. Ez nuen beste irtenbiderik ikusi», agertu zuen atsekabetuta gazteak.

Sinatu ondoren, tratu txar fisikoak amaitu baziren ere, galdeketekin jarraitu zuten. Ostiralean, gaztea oso ahul zegoela ikusirik, ospitalera eraman zuten analisiak egiteko, baina han ere poliziek sikologikoki presionatzen jarraitu zuten.

Azkenean, larunbatean Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman zuten Urzelai sarekadan hartutako gainerako gazteekin batera. Han, Garzoni polizien aurrean presiopean sinatu zuela adierazi eta bere bertsioa azaldu zion. «Bazirudien ez zidala arreta askorik egiten», gogoratu zuen Hernaniko gazteak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo