Berezkoak Binakakoa
Sorhuetek eta Etxetok finalean izateko beste urrats handi bat eman dute
SORHUET-ETXETO
Jon LEUNDA | DONIBANE GARAZI
Ez zen ezusterik egon. Sorhuetek eta Etxetok aise irabazi zieten atzo Bielleri eta Ducassouri, eta finalera zuzenean sailkatzeko dagoen txartel bakarra erdiesteko oso gutxi falta zaie. Guztira hiru partida jokatu dituzte, eta bakarra geratzen zaie ligaxka amaitzeko. Horrenbestez, hanka eta erdi finalean dutela esan daiteke.
Atzoko neurketak ez zuen izan kontatzeko ezer asko, faboritoak nagusi izan baitziren. Bigarren tantoan izan zen berdinketa bakarra, eta hortik aurrera erabat agindu zuten. Thierry Etxetok nahi zuen guztia egin zuen, Ducassouren aldean beste maila batean dago, eta atzo agerian geratu zen. Aurrean Sorhuetek ere ongi lagundu zion, eta amaieran aparteko izerdirik bota beharrik gabe erdietsi zuten garaipena.
Ligaxka amaitzeko partida bakarra falta zaie, Etxeberriren eta Harizmendiren aurka jokatu behar dutena. Hori irabazteko ere faboritoak dira, eta aurreikuspenak betetzea lortzen badute, finalerako zuzenean sailkatuko den bikote bakarra izango da. Bielle eta Ducassouk, jokatutakoak galdu egin dituzte, eta finalerdietan sartzea ere ia ezinezkoa izango dute.