ADIERAZPENAK
Taldekideen lana eskertu zuen irabazleak
GARA | ATAUN
Txirrindularitza banakako kirola izan arren, ezinbestekoa izaten da taldearen laguntza eta hori adierazi zuen lehen etaparen irabazleak ere. «Taldeak sekulako lana egin du eta horri esker lortu dut garaipena», esan zuen Luis Leonek.
Azken mendatean nabaritu zuen batez ere laguntza, «Paris-Nizan eta Milan-San Remon aritu ondoren une onean nagoen arren, estutasunean ibili naiz azken igoera horretan. Baina taldekideek konfiantza izan dute nigan, asko lagundu didate eta horri esker etapa irabazi ahal izan dut», nabarmendu zuen.
Eta adierazi duenez, asteazkenekoarekin batera, beretzat zailena izan daitekeen etapa gainditu ondoren, sailkapen orokorraren borrokan egon daitekeela uste du Caisse d'Epargneko txirrindulariak. «Azken etapa neure aldekoa izan daiteke. Asteazkenean ez badu denbora gehiegi galtzen, aukerak izan ditzaket. Eta lasterketa ez bazait luzeegia egiten, gogor eta laster hasi bainuen denboraldia», azaldu zuen.
Gazi-gozo
Aurkari gogorrak izango ditu Murtziakoak borroka horretan. Besteak beste, atzo indartsu agertu zen Samuel Sanchez. Euskalteleko liderrak azken kilometrotan gertatutakoa penatuta agertu zen: «Min egiteko moduko etapa zen eta taldea, izan ere, saiatu egin da. Baina ez da elkar aditzerik egon aurrekoen artean eta, azkenean, irabazlea gurekin Lazkaomendin ez zegoen txirrindulari bat izan da». Eta, gainera, oso gutxigatik gainditu zuen Luis Leonek Samuel Sanchez bera.
Asturiarrak, hala ere, nahiko pozik amaitu zuen. Alde batetik, «taldeak oso lan ona egin duelako». Bestetik, arazoak ematen dizkion belaunaren «eboluzioa ona izaten ari delako». Eta azkenik, eta aurrekoaren ondorioz, faboritoen erritmoan ibili zelako atzokoan. Horrela jarraitzea espero du, batez ere biharko eta larunbateko etapetan. «Lasterketa erabakiko dute, batez ere Arratekoa, oso gogorra baita -azaldu zuen-. Arratetik, azken erlojupekoan garaipen orokorra lehiatuko duen faboritoen taldetxoa irtengo da».
Arazoak
Ez ziren hain ondo ibili Fujiko ziklista indartsuenak. Juanjo Coboren irakurketa, hala ere, ez zen guztiz ezkorra izan, «ez bainaiz oso gaizki sentitu. Baina, alde batetik, azken mendatea ez zen batere egokia niretzat, motza eta gogorra baitzen; eta, bestetik, atzean hasi naiz igotzen, Gaintzako jaitsieran Caisee d'Epargneko txirrindulari bat moztu denez asko kostatu zaigulako lehen taldea harrapatzea».
Horren ondorioz, «segundo garrantzitsuak galdu ditut, baina lasterketa asko geratzen da eta iaz, adibidez, bi minutuko desabantaila berreskuratu nuen», gogorarazi zuen itxaropentsu.