GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Datozen egunetan egingo diote ebakuntza eta 5 edo 6 hilabete egongo da jokatu gabe

Txapelketari agur esan behar dio Abel Barriolak

Atzelari nafarrak bertan behera utzi behar izan zuen igandeko partida, eskuin belaunean bihurdura izan baitzuen. Medikuek probak egin ondoren aipatu zutenez, pilotariak aurreko lotailu gurutzatua hautsia du.

p040_f02_148x128.jpg

AGIRRE 22

LASKURAIN 7

Imanol CARRILLO | TOLOSA

Ikara eragin zuen Abel Barriolak igandean Eibarko Astelenan jokatzen ari zen partida bertan behera utzi behar izan zuen momentuan, eskuineko belaunean eduki zuen bihurdura zela-eta. Baina are okerragoa izan zen atzo jakinarazi zutena: Leitzako pilotariak eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsia du eta bost edo sei hilabete egongo da kantxetatik kanpo. Beraz, zoritxarrez, Buruz Buruko Txapelketari agur esan beharko dio. Datozen egunetan egingo diote ebakuntza.

Pilota munduan lor daitekeen txapelik garrantzitsuena lortu zuen 2002. urtean nafarrak. Bost urte geroago, 2007an, txapeldunorde izan zen Buruz Burukoan eta emaitza bera lortu zuen urtebete geroago, 2008an.

Azken bi urteotan izan duen zorte txarra -txapela irabazteko pauso batera gelditu baita- lesio bihurtu da oraingoan. Azken denboraldiotan maila bikaina erakutsi du. Nahiz eta atzelaria izan, era honetako txapelketatan bikain moldatzen den pilotaria da, eta beti ematen du ikuskizuna. Pilotazaleek bere falta nabarituko dute ziur aski.

Orain txapelketan zer gertatuko den jakin beharko da. Final laurdenetan hastekoa zen Abel txapelketan parte hartzen.

Agirre, hurrengo fasean

Atzoko jardunaldiak, ordea, beste albiste bat ere bazuen, hasiera batean eguneko albiste garrantzitsuena, alegia. Izan ere, final-hamaseirenetako txartela lortzeko atera ziren Agirre eta Laskurain Beotibarreko kantxara. Aurrelari bizkaitarrak menpean izan zuen hasieran Aspekoa eta segituan 5-0 aurreratu zen markagailuan txokoan eta zabalean egindako zenbait dejadaren bidez.

Gipuzkoarra, orduan, tantoa menperatzera pasa zen eta markagailua bi aldiz berdindu zuen -bosna eta zazpina-. Hortik aurrera, aldiz, bizkaitarrak bere jokorik onena erakutsi zuen. Kalitate handiko tanto ugari egin zituen, baina, horrez gain, Asegarcekoak defentsa bikaina eskaini zuen. Aurkariaren zartadei erantzuna eman zien, pilota txapa gainean kokatuz eta, azkenean, 22ra iritsiz.

Gauzak horrela, Peñagarikano izango du aurkari Agirrek asteburuan jokatuko den hurrengo kanporaketan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo