GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Handien artean txikiek ere oraindik badutela lekua frogatzen du Mauleko errugbi taldeak

Mauleko errugbi taldeak balentria egiten du urtez urte, Federal 1 Mailan jarraitzeko gai baita, errugbi amateurraren maila nagusian, eta kasu askotan, gainera, talde profesionalen aurka jokatuz. 105 urteko talde honek Euskal Herriko garrantzitsuenetakoa izaten jarraitu nahi du.

p036_f02_504.jpg

Jon LEUNDA

Txikiek ere badutela handien artean lekurik erakusten du Maulek. Zuberoako hiriburuko errugbi taldea Estatu frantseseko Ligako Federal 1 Mailan ari da jokatzen, amateurren maila nagusian, alegia. Gainetik, soilik bi maila profesionalak ditu, Pro 2 eta Top 14. Maulen 3.000 lagun besterik ez dira bizi, eta 15.000 herrialde osoan. Ikaragarrizko balentria da dagoen lekuan egotea.

«Guk, errugbi amateurrak goi mailan lekua baduela frogatzen dugu», adierazi du Beñat Queheillek, taldeko presidenteak. «Berez maila hau amateurra da, baina errealitatea ez da horrelakoa. Talde asko dira erdi profesionalak edo erabateko profesionalak direnak», eransten du zuberotarrak.

Aurrekontuei begiratuta ere taldeen arteko aldeak nabarmenak dira: «Guk esaterako, 250.000 euroko aurrekontua dugu; badira beste batzuk, berriz, bi milioi eurokoa dutenak. Gurea da mailako txikiena, eta batzuekin konparatuta, ikaragarrizko aldea dago, baina guk hor jarraitzen dugu, eta helburua urte askotan hortxe jarraitzea izango da», dio Beñatek.

Jokalariak erabat dituzte amateurrak, eta denak edo gehienak bertakoak, eta harrobitik ateratakoak: «Jokalaririk gehienak zuberotarrak dira, gure harrobitik ateratakoak, eta horrek poz handia ematen du. Gero, bada lapurtarren bat edo beste, eta biarnesen bat edo ere bai. Jokalari bat asko nabarmentzen baldin bada, normalean kendu egiten digute, baina beti ateratzen dugu haren parekoren bat», esan du presidenteak. Bestalde, jokalariek lana egin behar izaten dute errugbian aritzeaz gain: «Hemen ez da sosik irabazten, beraz errugbiaz gain lana egin behar dute jokalari guztiek», dio Queheillek. Hori, ordea, denek onartzen dute, baina jokalariak gustura aritzen dira Maulen.

Denen taldea

Izan ere, Zuberoako hiriburuko taldea, herrialde osoarena da. Ikusi besterik ez dago zenbat ikusle batzen dituen partida guztietan. Batez beste, 2.000 lagun izaten ditu etxean ari denean, eta partida garrantzitsuak baldin badira, kopuru hori 4.000ra ere heltzen da. Beraz, batzuetan ia Maule osoa dago partida ikusten, eta beste batzuetan hiriburu osoko biztanle kopurua baino gehiago ere izaten da harmailetan: «Errugbiak hemengo jendeari bihotza pozten dio, eta hori denok nabaritzen dugu», baieztatu du Beñatek. Eskualdean errugbia da kirol nagusia, pilotarekin batera, nahiz eta futbola ere muturra sartu nahian dabilen. Maulez gain, Mendikotan eta Barkoxen ere badira errugbi taldeak, baina denak daude talde zuri-gorria baino askoz ere maila apalagoan.

Taldearen helburua Federal 1 Mailan jokatzea da: «Uste dut gu bezalako talde txiki batentzat maila handia dela. Urte askotan hor mantentzea nahiko genuke. 12 urte daramat presidente izaten, eta tarte horretan bi aldiz jaitsi gara, baina beti berreskuratu dugu maila hau. Aurten ondoz ondoko hirugarren denboraldia dugu, eta heldu den urtean ere hemen jarraituko dugu», esan zuen zuzendari zuberotarrak. Ametsak ere beti izaten dira, eta Maulen ere badute ametsik: «Gehienetan maila ez galtzeko ligaxka jokatuz amaitzen dugu, eta hori normala da, hasi aurretik dakigu zein izango den gure erronka, baina urteren batean igoera fasea jokatzea ere gustatuko litzaiguke, amets hori hor dago», gogorarazten du Beñatek.

Pro2ra igotzea, ordea, ia ezinezkotzat dauka Mauleko presidenteak: «Kirol mailan lor dezakegu, hori ez da ezinezkoa, baina Pro 2 Mailan, gutxienez hamaika jokalari lizentzia profesionalarekin edukitzera behartuta zaude, eta hori dirutza handia da. Maulek ezinezkoa du une honetan hori egitea. Pentsa, lehen aipaturiko hiri handietako taldeak gure zelaira heltzen direnean harrituta geratzen dira, ez baitute ulertzen gu bezalako herri txiki bateko talde bat gauden lekuan egotea. Kasu batzuetan, gainera, beraien zelaietara baino, gurera jende gehiago joaten dela ikusten dute, eta ez dute ulertzen. Beraz, lehendik gauden mailan egoteko diru asko behar bada, maila profesionalean aritzeko, ia ezinezkoa da, nahiz eta agian egunen batean gerta daitekeen», esaten du.

Dirua ateratzeko, hiru bide dituzte. Batetik, sarreren bidez lortzen dute dirua, eta biltzen den jendetza ikusita, iturri ona dute hori. Bestetik, babesleen bidez ere heltzen zaizkie bitartekoak; eta azkenik, laguntza publikoak jasotzen dituzte. Horrekin guztiarekin nahikoa dute Federal 1ean aritzeko. Mauleko taldeak jadanik, 105 urte bete ditu, eta beste urte askotan ere Euskal Herriko errugbi talderik garrantzitsuenetakoa eta handienetakoa izaten jarraitu nahi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo