GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Atzera begira, aurrera egiteko

Orain, eta datozen urteek zelako aurpegi beltza dakarten kontuan edukita, askoz premiazkoago agertzen da sakoneko aldaketa baten alde borrokatzea

Orain arte jendartearen historia osoa klase gatazkaren historia izan da. Atzera begiratu eta estamentu ezberdinetako banaketa daukagu: Erroman patrizioak, plebeioak, esklaboak; Erdi Aroan jauntxo feudalak, basailuak, gremioetako maisu eta ofizialak, glebako jopuak...

Gaur egungo jendarte modernoak ez ditu klase ezberdintasunak ezabatu. Aitzitik, klase berriak sortu ditu, zapalketa egoera berriak eta, eurekin batera, borroka molde berriak ere bai, lehengoak ordeztu dituztenak. Hala ere, klase ezberdintasunak sinplifikatu egin dira. Gaur egun jendarte osoa arerioen parte zabal bitan bananduta dago.

Langileak hirietako lan zentroetan pilatzen dira, hierarkia oso baten menpe. Emakume zein gizon, gazte zein zahar, denak tresna hutsak dira, ezberdintasun nagusi bakarra, duten kostea. Eta behin beste baten probetxurako lan eginda eta soldata jasota, banku jabea dator bere bila.

Langileak batu egiten dira, lantzean behin borroka egin eta lantzean behin ere borrokaren bat irabazten dute, baina behin-behineko garaipenak izaten dira. Borrokaren benetako helburua ez da berehalako emaitza lortzea, baizik eta borroka zabalduz eta iraunkortuz joatea. Klase gatazka oro ekintza politikoa da, gehiengoaren mugimendua gehiengo zabalaren mesedetan.

Kapitalisten existentzia eta nagusitasunaren azalpena aberastasuna gutxi batzuen eskuetan pilatu izana da, eta hau ezin da existitu soldatapeko lanik gabe. Kapitala produktu kolektiboa da eta ezin da sortu ez bada lagun askoren esfortzuaren ondorioz. Esan genezake prozesu honetan langileek ez ezik, jendarte osoak ere hartzen duela parte. Beraz, kapitala ez da patrimonio pertsonala, potentzia soziala baizik. Hala ere, langilea kapitala biderkatzeko bizi bada ere, bere lanaren truke lanean eta bizirik jarraitzeko beste jasotzen du. Kapitalistei interesatzen zaien neurrian jarraitzen du bizirik. Historian existitu diren klase zapaltzaile guztiek bezala, kapitalistek euren sistema lege natural eta eternoetan oinarritzen dela zabaltzen dute.

Jendarte zaharkitu honi bestelako jendarte bat nagusitu behar zaio, non norbanakoaren garapen askeak denon garapen librea ekarriko duen. Langileek ez daukate galtzekorik, baina bai, ordea, mundu oso bat irabazteko.

Batzuei ezagunak egingo zaizkio eduki hauek. Oraindik zerbait esan nahi dutela uste baduzue, jakizue «Manifestu komunista»- tik egindako hala-holako itzulpena baino ez direla. Urteak joan dira eta egoerak aldatu, baina sistemak bere horretan dirauen bitartean, beti izango du gaurkotasuna. Orain, eta datozen urteek zelako aurpegi beltza dakarten kontuan edukita, askoz premiazkoago agertzen da sakoneko aldaketa baten alde borrokatzea.

Bakoitzak daukan apurra galtzeak beldurra ematen du, badakit, baina berdin jarrai genezake beldurtuta karabana batean bukatzen dugunean, medikuarengana joan eta umeak eskolara eroan barik, ezin dugulako pagatu, eta astean 65 orduz lanean. Hori bai, telebistan Albako dukesaren azken nobioa ikusten entretenituko gara eta haginik falta ez duen jende eder-galant eta aberatsa bezalakoa izatea amestuko dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo