Drogetan murgildutako alabari hiltzear dagoen amaren hitzak, Penadesen azken liburuan
Droga arazoak medio, ama batek etxetik alde egin zion alabari eskainitako gogoetak bildu ditu Josu Penadesek «Jantzi beltz bi» (Alberdania) liburuan. Obsesio eta frustrazioz beteriko istorioa kontatzen du.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Itxaropen ezaren aurkako borrokan dirauen ama baten istorioa bildu du Josu Penadesek «Jantzi beltz bi» eleberrian. Bermeon jaiotako irakasle honek, 1996an argitaratu zuen bere lehen saiakera, Lauaxetari buruzkoa, eta geroztik beste hiru eleberri ere kaleratu ditu. Azkena, 2006an: «Etxea».
Oraingoan Teresa izeneko emakume bat da protagonista. Minbizia duen Bermeo inguruko saregile eta baserritarra da eta hilabete gutxi barru hilko dela esan diote. Hori gertatu aurretik, hemezortzi urterekin etxetik alde egin zuen alabari hitz egin nahiko lioke, baina posible ez denez, idatzita utziko dizkio bere egunerokoak, orain arte bizi izan duena edota hil aurretik bete nahi dituen asmoak.
Penadesek azaldu zuenez, belaunaldi bateko emakume bat islatzen saiatu da, 1930-40ko hamarkadetan jaiotakoa, Euskal Herrian drogak harrapaturiko lehenengo belaunaldikoen ama bat: «Emakumea nora ezean dabil. Orain arte argi zuen bere bidea zein zen baina, urte gutxian, goitik behera aldatu zaio eta gizartean bere lekua galdu du». Heroinaren atzaparretan erori den alabarekiko nolabaiteko enpatia erakusten du eta obsesio bihurtuko zaio. Baina obsesio horren indarra gorantz doan heinean, emakumea ahulduz doa eta irakurleak ere nabarituko du hori.
Drogaren munduaz nobela ugari daudela azaldu zuen Penadesek, baina normalean gaztearen ikuspegitik idatziak izaten direla. Honakoa amaren obsesio eta larritasunen kontakizuna da. «Idazle modura ahalegin bat egin nahi izan dut sufrimenduaren aurrean axolagabea ez izateko. Orain arte ongi bizi izan gara baina, gaur egun, gero eta sarriago topatzen dugu gure inguruan gaizki dagoen bat», adierazi zuen. Bestalde, «gure historiari, galtzaile ikuspegitik begiratzeko ahalegina ere egin dut», gaineratu zuen.
Istorioko protagonista eskolatu gabekoa da baina, saregilea izaki, ahozko kontaketan trebea da eta, horrexegatik, ahozko elementuak eta ahalik eta abstrakzio gutxien sartzen saiatu dela esan zuen idazleak. Autobiografia zantzuak izan arren, idazleak argi utzi zuen, «drogaren mundua gertutik bizi izan badut ere, liburu hau ez da terapia bat izan».