GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Zaldibiarrek erakutsi dute, erasoak eraso, presoei inoiz ez dietela bizkarrik emango

Hedabideek, epaileek eta poliziek, denek ekin diote euskal preso politikoen kontrako oldarraldiari. Zaldibiako ezker abertzaleak, hala ere, argi utzi du errepresaliatuei ez diela inoiz bizkarrik emango.

p014_f01_148x092.jpg

GARA |

Iragan martxoaren 23an «El Mundo» egunkariak argitaratutako artikulu baten ildotik, Arrasaten gertatu bezala, beste hainbat herritan ere euskal preso politikoak gogoan dituzten argazkiak kentzea nahi dute. Horietako bat da Zaldibia.

Bertan, martxoaren 30ean hainbat ertzain agertu ziren, Auzitegi Nazionalaren agindua zutela-eta, Joxepane ostatuko balkoian zeuden argazkiak kentzeko. Egun horretan bertan, herriko etxebizitza guztietako atarietan presoen irudiak jarri zituzten herritarrek.

Martxoaren 31ko goizean, aldiz, bezperan jarritako irudiak falta ziren, eta hainbat herritarrek azaldu zuten gauean, 03.00 aldera, burua estalirik zuten pertsonak ikusi zituztela atarietako argazkiak kentzen. Egun berean, Ertzaintzak Joxepaneko arduradunari jakinarazi zion 24 ordu zituela balkoiko argazkiak kentzeko. Gau horretan ere, egunean zehar jarritako argazkiak berriz kendu zizkieten.

Jazarpen honi entzungor eginez, apirilaren 1ean berriz jarri zituzten errepresaliatuen argazkiak. Apirilaren 2an, atzera kendu zizkieten, hor ere gauez, baina biharamun goizean bueltan zeuden argazkiak dagokien lekuan, herriak nahi duen lekuan.

Atzo, apirilaren 8an, agerraldia egin zuten ezker abertzaleko kideek, eta nabarmendu zuten Joxepaneko balkoian bezala, herriko beste hainbat txokotan ere preso eta iheslarien argazkiak nonahi ikus zitezkeela.

Egunotan jazotakoaren ildotik, ezker abertzaleak gogor salatu zuen Ertzaintzak betetako eginkizuna, eta adierazi zuen Gobernu espainolaren «gerra estrategiaren» fitxa bat baino ez dela. Hedabideak ere kritikatu zituzten, gai hau tratatzeko modua «lotsagarria» izan dela iritzita.

Elkartasuna suspertu

Preso eta iheslarien aldeko elkartasun mezuak ezabatu nahi dituztela salatu, eta Ertzaintza kontrolatzen duen EAJren zein beren «isiltasunaz kolaboratu duten» EA eta Aralarren jarrerak gaitzetsi zituzten agerraldian.

Edonola ere, Zaldibiako ezker abertzaleak argi utzi nahi izan zuen inoiz ez diela bizkarrik emango «herri honen etorkizuna borrokatzeagatik gatibu hartu dituzten herrikideei», eta herriko errepresaliatuek bizi duten egoera gogorra azaldu zuten.

Izan ere, azaldu zutenez, «eraso honekin, gure elkartasuna eta errepresaliatuekiko gertutasuna suspertzea besterik ez dute lortu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo