GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Xabi Anza ELAko Heziketa arduraduna

Aberri Eguna 09: Estrategia «irabazleak» indartu behar dira

Aberri Egunez aipatu beharra dago, azkenik, Euskal Herri batu eta libre baten aldeko borrokan eragile eta aktore sozialen arteko batasuna ezinbestekoa litzatekeela. Baina argi dago batasun hori ez dugula egun...

Urtero legez, ELAk gaurkotu egin du bere analisi politikoa Aberri Egunaren inguruan, betiere herri honen askatasunaren aldeko konpromisoa berritzeko asmoarekin. Bertan, XII. Kongresuan eginiko hausnarketari jarraitzen dio bizi dugun egoeraren hainbat elementutan erreparatuz.

Horrela, aurtengo ebazpenak langileok pairatzen ari garen krisia hartzen du abiapuntu; izan ere, nekez balora dezake sindikatu honek Euskal Herriko bilakaera politikoa, politikak berak gehiengo sozialaren ongizatea bermatzeko ez baldin badu balio izan. Eta zentzu honetan, autogobernuaren erabilpenari buruz agiriak dioena erabatekoa da: Europako zerga-presiorik txikiena eta gizarte-gasturik apalena edukitzea erabaki dute hemengo botereek, aurrekontuak superabitaz itxita eta familien zorra etengabe hazten zelarik. Bitartean, beharrizan sozialak gero eta handiagoak egin dira eta enpresaburuen klaseari diru-laguntza eskuzabalak eman dizkiete. ELArentzat gogorra da halaber agenda politikotik desagertu izana behar ditugun eskumenen eskakizuna, hala nola, gizarte-segurantza, enplegu-politikak edota lan-legeria. Arrazoi hauek hartu behar ditugu kontuan, enpleguaren suntsiketarekin batera, ulertzeko euskal gehiengo sindikalak datorren maiatzaren 21erako greba orokor deialdia egin izana, premiazkoa ikusten baita enplegua mantendu eta sortzea, soldatek eta gizarte-babesak jasaten duten erasoari aurre egitea, eta justizia fiskala eskatzea.

Hortik aurrera ELAren agiriak indar abertzale nagusiek Euskal Herriaren aitortzaren alde eramaniko estrategiaren balorazioa egiten du. Oro har, esan daiteke transbertsalitatearen paradigmak porrot egin duela erabat. ELAk ez du ikusten mugimendu abertzalea behin betiko diagnostiko sinple horretara iritsi denik: estatuek euskal errealitate nazionala ez dutela aitortzen alegia. Eta sindikatuak diagnostiko horrekin bat datozen estrategia abertzalerik ere ez du ikusten. Defizit honek eragiten du, bere ustez, unibertso abertzalean nagusitzen den etsipen eta antzutasuna.

Zentzu honetan berriz ere autodeterminazio eskubidearen aldarrikapena egiten da. Tamalgarria deritzo alde batetik kontsultarekin iaz gertatu zena. Halaber, zera kritikatzen du: eskubide hori ezin da ETArentzat borroka armatua baztertzeko minimo izan, eta gutxiago berari eusteko aitzakia. Bada garaia, ELAren ustez, autodeterminazio eskubidea helburu estrategiko bihurtzeko, eta beraren inguruan biltzeko alde dauden indar sozial, sindikal eta politiko guztiak. Estatuari gure burujabetza erauzteko, gizartea erabakitzeko eskubidearen alde aktibatu behar da eta ez negoziazio politiko baten eskaintzea bilatu.

Adibide onak bilatze aldera, agiriak nabarmendu nahi izan du Ipar Euskal Herriko borroka. Han, botere politiko instituzionalaren lilura faltsuei uko eginez, arlo nazionalean estrategikotzat jotzen duten gai batean -Euskal Herriko Laborantza Ganbararenean, alegia- indarrak bat egiten asmatu dute, beren artean, baina baita sektore politiko, sozial eta instituzional zabalagoak erakarriz. Duela gutxi ezagutu den epaia, Ganbara kargurik gabe utzi duena, berealdiko arrakasta izan da. Horra, ELAren ustez, estrategia «irabazle» baten adibide garrantzitsua.

Aberri Egunez aipatu beharra zegoen, azkenik, Euskal Herri batu eta libre baten aldeko borrokan eragile eta aktore sozialen arteko batasuna ezinbestekoa litzatekeela. Baina argi dago batasun hori ez dugula egun... Hartara, ELAk bere kideei dei egiten die beren ilusioa eta konpromiso militante abertzalea berritu dezaten, iraganeko zamak eta egungo arazoak gailentze aldera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo