GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Lau teilatu gainean ...

Loreak udan ihintza bezala maite dut nik gida on bat ..... Bai, gaurko ekonomiaren zokoak erraz ulertzeko moduko gida maite ere, ezkutukoa azalean agertzen duen gida, ezin baitut sinistu hedabideek ekonomia atalean zabaltzen duten hori muina izatea. Ezinezkoa egiten zait. Zelan da posible lehen, etxebizitzen prezioa oso altua zenean, ekonomia ondo joan izana eta orain prezioak behera egin behar izan duela ekonomia txarto doala esatea?. Zelan posible lehen, petrolio upela ez dakit nongo erreferentziazko merkatutan oso goitik zegoenean, ondo zihoan ekonomiarako arrisku handia izan eta orain upela dezente jaitsi dela ekonomiak behea jo izana?. Zelan posible lehen pentsioetarako diru publikoa izan ez eta orain diru publikoak bankuak erreskatatzea?. Zelan lehen etengabe gora zihoan trafikoaren gas-emisioak oso kezkagarritzat hartu eta orain apenas autorik saltzen dela are kezkatuagoa izatea?. Benetan diot, ez dago hau ulertzen duen kristaurik, eta egotekotan prozesioka dago egunotan. Bai, ekonomia errazeko gida behar dut, irudiak eta guztiz, derrigorrean behar, made in sinple edo, itsasoan galduak uharte batean bizirauteko gida baino askoz ere gehiago.

Tira! aste santuaren berezko pasioari muzin eginda dabiltza legebiltzarreko taldeak Euskadiko himnoa aldatu nahian. Ez dut ereserkia esango, sasoi honetan ERE larregi dira eta. Harira!. Nork bere apustua dago gizentzen. Unionistek nahikoa adostua dute doinua eta errima ere: la gente canta con ardor que viva Es..., itxura batean euskaraz ere nahi dute moldatu, errima jatorrizko bertsioan mantenduta, jakina. Desunionistek, ostera, nork bere partituran dabil, dorremifasolen. Jelkideak dira duda-muda handiagoa dutenak, kanta bi baitute ahoan aukeran; batzuek mi carro me lo robaron ... dute gogokoen legegintzaldi berriari begira behintzat, eta beste batzuek, ordea, y volver, volver, volver a ver moketa otra vez ... nahiago. Sozial-demokratek hautua egina dute: nora zoaz euskal semea arma hori eskutan ... Geratzen diren komunista federalista bakanek argi dute: arriba parias de la tierra, zaren langile tristea... Eta ezker abertzaleak, kanpotik bada ere, berea aurkeztu du: lau teilatu gainean ... ta berriz izango gara ... hegoaldeko lau herrialdeak gogoan, seguruenik. Anima zaitezte! Zu eta zeure arima anima! Zein aterako? Apustuak legezkoak dira honezkero! Jokoa egin!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo