GARA > Idatzia > > Ekonomia

Ipar Euskal Herrian husten diren baserrien erdietan berrartzen da ustiapena

Baserriko jarduerari segida ematea ez da gauza erraza. Alde batetik, familiatik jasotako etxalderik ez duten laborariek zailtasun handiak dituzte. Bestetik, baserritarrek erretiroa hartu ostean, ustiapena jarraitzeko inor ez duten etxalde ugari hutsik geratzen da. Bi arazoak elkar hartuta, irtenbidea bilatzeko aukerak biderkatu egiten dira.

p022_f01250x136.jpg

Arantxa MANTEROLA

Aurreko belaunaldientzat ez bezala, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere etxaldeen eskualdaketa ziurtatzea gero eta arazo larriagoa bilakatzen ari da. Azken urteotan gizartean izandako aldaketak medio, baserriko seme-alabek nekazaritzaz kanpoko ogibideak hautatzen dituzte sarri. Hala, lehen seme-alabaren batek ustiapenaren segida hartzen bazuen ere, egun, baserritarrak erretiroa hartzen duenean maiz gertatzen da jarduerarekin jarraitzeko inor ez izatea eta baserria hutsik geratzea.

Baserri bati segida ematea ez da bat-batean egiten den zerbait, lan-tresna eta familia ondarea hertsiki loturik izaten baitira gehienetan. Daniel Harotzarene Euskal Herriko Laborantza Ganberan (EHLG) afera honetaz arduratzen den lantaldeko kideak nabarmentzen duen moduan, «diru aferaz harago, beste alde asko ukitzen ditu eskualdatzeak: familia, auzoak, sentimenduak... Horregatik, normalean, lagatzaileak nekez ematen du bere kabuz hartzaile bat bilatzeko urratsa».

Bien bitartean, etxaldea eskualdatzea nahi dutenen parean, laborari bihurtzeko gogo onez baserri bat hartuko luketen askok ez du lurrik bere asmoak gauzatzeko.

Berrartzeen %70, Ipar Euskal Herrian

Zailtasunak zailtasun, Ipar Euskal Herrian, halere, eskualdatze eta instalazioen kopurua beste eremu batzuetan baino handiagoa da. Horrela, Pirinio Atlantikoetako departamenduan hutsik geratzen diren hiru baserrietatik ustiapena soilik bakarrean berrartzen den bitartean, euskal lurraldeetakoetan erdiak hartzaile berria izaten du. Zenbakietan sartuz, iaz Pirinio Atlantikoetan izan ziren 155 instalazio berrietatik, 105 Ipar Euskal Herrian gertatu ziren. Iaz, laborantzan hasi nahi zuten hirurogei bat pertsona hurbildu ziren EHLGra informazio eta aholku bila.

Hautematen den goranzko joerak esanahi argia du Arnaud Cachenautentzat: «Euskal Herrian hobetsi dugun laborantza ereduari lotuta dago. Ustiatzeak txikiak, kopuruan baino balio erantsian oinarrituak, baserritarraren tamainakoak eta lurraldeari eta ingurumenari atxikiak izateak potentzialitate gehiago eskaintzen dute eta, horrenbestez, laborari berri gehiago erakartzen dituzte. Askotan ez da aise izaten, baina ofizio honek baditu bere alde interesgarriak».

Hala eta guztiz ere, oztopoei eta trabei aurre egitea batere samurra ez dela aitortu du: «Horregatik, beharrezkoa da laborantzaren bidea hartzera doana aholkatzea, prestatzea, babestea eta laguntzea, bai instalatzeko unean eta baita geroago ere, epe luzerako proiektua baita baserri bat ustiatzea».

Bi problematika horiei, trasmisioari eta instalazioari, helduko dio datozen bi asteetan EHLGk. Egitarau zehatza prestatu du kari horietara, batez ere, arazo horrekin zer ikusia duten laborariei zuzenduta. Transmisioan aditua den Brigette Chizelle soziologoaren hitzaldiaz gain, instalatu berri diren lau etxaldeen eskarmentua ikusgai jarriko dute datorren astean. Laurak bide eta jarduera desberdinak hautatu dituzte eta hori, Maryse Cachenauten ustetan, «oso aberasgarria da, bi arazoak elkar hartuta irtenbidea aurkitzeko aukera anitz egon daitekeela frogatzen baita».

Asteartean, Lakarriko Elizabea etxaldeko laborariak bere instalazioaz azalpen guztiak emateko prest izanen dira (artzaintza mendi lurretan). Era berean, 16an, Arrosako Irungaria baserrian (ardiak eta gasnagileak), 20an Armendaritzeko Xotildeian (baratzagintza eta fruituak) eta, azkenik, 22an Lekorneko Ozporroa etxaldean (ardiak eta bildotsak), ateak zabalik izanen dira, 14.00etatik 16.30etara. Antzeko hamabostaldia urtero errepikatzeko asmoa agertu du Euskal Herriko Laborantza Ganberak.

ERRONKA

Nekazaritza biziaraztea «erronka itzela» da EHLGren esanetan. Barnealdeko lanpostuen %40 laborantzari lotuak dira. Landa eremuko zenbait herritan, kopuru hori %70era iristen da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo