GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

EUSKADI TA ASKATASUNAREN AGIRIA EUSKAL HERRIARI

 

ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, 2009ko Aberri Egunaren karietara ondorengo hausnarketak eta adierazpenak helarazi nahi dizkio euskal jendarteari eta beriziki abertzalegoari:

Estatu izan gabe Aberri Eguna 77.nez ospatzen dugun honetan, Euskal Herriaren aldeko maitasuna agertzeko ekitaldietan parte hartzen ari zareten herritar guztioi agurrik beroena luzatzen dizue ETAk.

Euskal Herria mendetako gatazka iraunkorrean bizi dela baieztatzea herri honetako historiara hurbilpen objektibo bat egitea da. Herri honi berrogei urtetako diktadura eta hogeita hamar urtetako autonomismo zatikatzaileak inposatu zitzaizkionetik, azken bi mendetan ez da belaunaldirik kartzela, herbestea, bortxa eta jazarpena ezagutu ez duenik. Baina gatzakan bizitzeaz gain, gure herriak bere biziraupenaren alde egin du borroka, askatasunera gerturatuko liokeen eskenatoki aldaketarako alternatiba eraikitzea zaila izanagatik ere eta garesti ordaindu arren.

Euskal herritarrok aspaldidanik etengabe borrokatu dugu. Askatasunaren alde armak eskutan zituztela borrokatu zuten gudariek 36-37ko gerratean. Eta herri eskubideen alde era berean egiten dugu borroka ETAko burkideok ere. Duela 50 urte sortzera bultzatu gintuzten egiturazko arrazoi bertsuek jarraitzen dutelako izaten hain zuzen, eta egundo ere, borroka armatua praktikatzen duen erakunde izan gaitezen kausa.

Euskal herritarrok gure hizkuntza hiltzen ikustera kondenatu nahi gaituzte, ez diogu guk, Unesco-k diosku euskararen egoerak horretara garamatzala. Ez dugu hezkuntza sistema propio bat osatzerik. Belaunaldi berriek ez dute euskal edukietan hezitzerik. Euskal esparru sozioekonomiko bat eraikitzea ere ukatzen digute. Ezin dugu gure lurraldea eta ekoizpen sektorerik kudeatu. Gure lurraldea interes arrotz eta makro-enpresarialei lotuak daude, horren adibide argi direlarik Bardeak, Lapurdiko turistifikazio kolonizatzailea edota AHT zein Coke planta. Euskaldunok gure lurretan arrotz eta zanpaturik bizi gara.

Bere eskubideak ukatuak dituen Euskal Herriak, bere hitza libreki eman eta erabakitakoa egikaritzeko legezko eta onartuzko biderik ez du. Euskaldunok ez dugu euskal herritar gisako eskubide bakar bat bera ere ezagutua, ez bermatua. Estatu arrotzen agindu eta legediak betetzera gaude behartuak.

Hori da Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren muina: Euskal Herriaren eskubide demokratikoen aitorpenik eta bermerik ezak, Euskal Herria administraritza ezberdinetan zatituta egoteak, eta gainera, egoera hori aldatzeko aukerarik ez izateak sortzen du gatazka Euskal Herrian.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hauteskunde antidemokratikoak: PNVren «desjabetzea» eta Lopez Lakuako «caudillo» berria

Aspaldi gabe salatu zuen ETAk Gasteizko Legebiltzarra inoizko antidemokratikoena eta espainiarrena izango zela. Euskal Herriaren independentziaren alde eskaintza politiko zabalak hauteskundeetan ezin duenean aurkeztu, askatasun demokratikoak ezabatzen direnean, hedabideen boikota jasatean, ordezkariak espetxeratzen direnean, ezin baitaiteke demokraziaz mintza, faxismoaz baizik: Espainiaren diktaduraz.

Martxoko hauteskundeak ez dira arabar, bizkaitar eta gipuzkoarren borondate askean oinarrituak izan. Francoren erreformatik eratorriko instituzioetako hauteskundeak ez dira inoiz demokratikoak izan, are eta gutxiago oraingoan. Hiru herrialdeetako gehingoa abertzalea izanik, eta horrela adierazi arren, aurkakoa irudikatzen saiatzen dira orain. Hauteskundeok adierazpen instrumentu edo ariketa demokratiko bat izatetik urrun, errepresio tresna izan dira: Espainiako botereek «Estatu arazo» gisara planteatu dituztenak eta beren estrategia espainolistaren mesedetara euren indar harremana indartzeko baliatu dituztenak.

Espainiako erreformaren bigarren ziklo autonomikoa dago jokoan. Badakite 77-79 aldian zer-nolako aurkakotasuna izan zuen erreformak Euskal Herrian. Badakite euskal herritarren gehiengoak ezezkoa eman ziola Espainiako Konstituzioari. Eta beldur dira, beldur oso, oraindik eta orain ere, herri eskubideetan oinarritutako aldaketa politikoaren alde dagoelako gehiengo herritar bat; Euskal Herriaren nazio burujabetza helburu duen herri adierazpen, mugimendu eta sektore sozio-politiko antolatu bat dutelako aurkakotasunean. Herri oso bat zutunik.

PPk eta PSOEk ordea azken hamarkadan ezarritako bi helburu taktiko lortu dituzte: erreforma garaian utzitako autonomiaren zuzeneko kudeaketa beren eskutan hartzea eta ezker abertzalea instituzioetatik kanporatzea.

Lehenarekin, Euskal Herrian 98ko prozesutik aitzin benetako aldaketa politikorako dauden baldintzak usteltzea eta lausotzea dute helburu. Horretarako eta horregatik eratu dute bloke unionista espainiarra. Euskal Herriaren nazio desegituraketa instituzional-administratiboan sakontzen jarraitzeko, euskal herritarren eskubideak urratzeko eta euskal nortasuna, kultura eta euskara oraindik eta gehiago itotzeko.

Bigarrenarekin, ezker abertzalea borroka instituzionaletik zokoratuaz, operazio neo-estatutario berri baterako eskuak libre izan nahi dituzte. Ezker abertzalea delako egungo marko autonomikoaren erreforma zaharberri bat eragozteko erresistentzia politiko sendoa egituratu dezakeen eragile bakarra, hots, benetako aldaketa politikorako bermea.

PNV da espainolismoa arnas berriz eta oldarraldirako prest egotearen erantzule nagusia. Bera izan da azken hogeita hamar urteotan Madrileko estrategia errepresibo horren urgazle ezinbestekoa, botere zentralaren itsumutil. Agintari espainolak ordea esker onekoak ez direla erakusten ari zaizkio orain. Duela 30 urte abiatutako erreformaren trenak harrapatu du PNV atzetik, ezustean. Eta orain arrangurak, eta orain aieneak, eta orain «golpe institucional» entzun behar dugu beraien ahotik ozen. Ezker abertzalea legez kanpo uztearen ondorioz udaletxe eta beste instituzioetan PNVk bere botere kuota handitu zuenean ez zen kexu izan eta agudo berotu zituzten haien ipurdiak egokitzen ez zitzaizkion aulkietan. Euri jasa besteen gainean nola erortzen den Ajuria-ene eta Sabin-etxeko leihotik ikustera ohituak dauden jeltzaleentzat eskandalu antidemokratikoa orain hasi omen da.

PNV ataka berrian kokatu da. PNV izan zen ilegalizazio eta salbuespen legeei normaltasunaren labela eman ziena. Bera izan zen ezker abertzalea zokoratzea eta ilegalizatzea Madrilekin adostu zuena. Ezker abertzalea kaleetatik egurra emanez botatzen saiatu edota EiTBn zentsuratu duena. Eta orain bera da ere ilegalizazioaren pozoia jaso duena. Lakuako gobernua PSOErekin osatzeko aurre akordioa egina zuen-eta, baina PSOEren erantzuna argia izan da: gaur hitza eman, bihar haizeak eraman. Eta horrelaxe geratu zaigu PNV gobernurik gabe, planik gabe, sailbururik gabe, goi-kargurik gabe; Ertzaintza, EiTB, EuskalTel eta alderdikide eta lagunak diru publikoarekin aberasteko mota guztietako «txiringitorik» gabe. Eta orain asaldatu beharra dugu abertzaleok! Nork eskaini zizkion oilategiko arrautza guztiak erdibana Lopezi? Nork ireki zizkion azeriari oilategiaren ateak PSOEren aurrekontuak ete lege faxistak babestuz?

PNVk Madrilekin itsasoratu zuen ilegalizazioaren ontzia ezker abertzalea neutralizatu nahian, hain zuzen ere benetako aldaketa politikoa eman ez zedin. Eta orain itsas zabalean PNV brankatik behera bota dute. Erreforma estatutario berri baterako, oraingoz orain, beharrezkoa ez dutelako. Hartara PNV kromo aldaketarako aukerarik gabe geratu da oraintsu, «pactismoa»-ren umezurtz, baina bereak eta bi emango ditu faxistekin gobernura itzuli eta estatutu berri baten aldeko apustuan eragile izan dadin. Tronpatu nahi ez badu, inork ez ditzala Euskal Herriaren aldaketa politiko baterako bidaide espero. Erreforma estatutarioaren ontzira besterik ez dute igo nahi-eta.

Hauteskunde antidemokratiko horietan Aralarrek emaitza ttipiak baina gozoak jaso ditu ilegalizazioaren lepotik. Etsaiaren estrategia errepresiboan Aralar ezinbesteko tresna bilakatu da independentismoa txikitzeko asmotan. Zer lotsa ez lukete sentitu behar «ezker abertzale berria» aldarrikatzeko ezker abertzalearen ordezkariak espetxeratu eta egun batzuetara. Zer lotsa ez lukete sentitu behar ezker abertzalea botoz hustu, ordezkatu eta Gazteizko besaulkietara eta bertan irautea beste asmorik ez duten Ezenarroren sokakoek Rubalcaba eta Conde-Pumpidoren txaloa eta zorion publikoa jaso dutenean: penagarria. Ezker abertzalea etsaiarengatik gogor zigortua izango da bere konpromiso eta borrokagatik, baina Aralar izenondo garratzez zigortua izango da herri honen historiagatik.

Lerro hauen bidez ETAk ezker abertzalearen aldeko boza balioetsi nahi du. Ezker abertzaleak inoizko baldintza kaxkarrenetan, zentsuratua eta Ertzaintza zein guardia zibilak bozka paperen bila ari zelarik 100.000 bozka baino gehiago jaso eta laugarren indarra gertatu da. Bozka horiek berez zekarketen parlamentariak, emaitzetan ezker abertzalearen atzetik geratu diren indar guztien (Aralar, IU, EA eta UPD) parlamentariak batuta baino gehiago lirateke. Baldintza arruntetan zenbat jasoko lituzke ezker abertzaleak? Boza horiek, borrokaren eta duintasunaren bozak, Euskal Herriaren askatasunerako zimentarri baliozkoenak izango direla dudarik ez du gure erakundeak. Denboraz bere zentzu osoan neurtu ahal izango dugun ekintza politiko handia izan da bozka kopuru horiek jasotzea.

Guztiarekin eta arestiko hausnarketak kontuan hartuz, honakoa da ETAk adierazi nahi duena:

- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako martxoko hauteskundeak baldintza demokratikoetan eta aukera berdintasunean burutu ez zirenez, Francoren erreformatik eta errepresioaren hauteskundeetatik erauzten den Gasteizko Legebiltzarrari, Patxi Lopez «caudillo»-ari eta honek osatuko duen Gasteizko gobernu berriari ere ez diola inolako zilegitasun demokratikorik aitortzen.

- Ibarretxeren gobernua abertzale ororentzat iruzurraren gobernua izango zela ohartarazi genuen bezala, oraingoan Lopezen gobernua faxismoaren eta eskubide urraketen gobernua izango dela adierazi nahi dugu. Jarrera aldaketarik ez den heinean, inposatutako egitura horretako arduradun politikoak ETAren helburu lehenetsia izango dira.

Moncloako Estatutuaren porrota, Marko Demokratikorako aukera:

Espainiako erreformak hiru hamarkada bete dituenean ziklo aldaketarako aukerak zabalik daude Euskal Herrian. Arriskuak autodeterminazioari bizkar emanez marko zatikatzaileari beste margo geruza bat emateko joeran kokatzen dira. Iragan urteek erakusten dute Euskal Herriak jasaten duen zanpaketa gainditzeko erantzun orokor eta zuzenik ez dela eman. Ezker abertzaleak hiru hamarkada daramatza Euskal Herriaren eskubideak barnebilduko duen konponbide demokratiko baterako eskaintza politikoak egiten.

Justizia eta bakea ekarriko duen benetako aldaketa politiko bat izango bada Euskal Herriaren egoeran eta eskubideetan oinarrituko da, edo ez da egongo. Sasi irtenbideek, sasi aldaketek, soilik gerra eta mina luzatuko dute.

Autonomismoaren porrota inoiz baino argiago geratzen zaigu abagune honetan: ez du Euskal Herriaren «askatasun graduala» lortzeko balio izan, baten batek 77an herri askatasunaren esperantza apustu horretara lotuz iragartzen zuen ez bezala. Ez du herri honen eskubideen alde ari garenak txikitu edo autonomizatzea lortu, eta ez du Euskal Herria Espainian urtzeko helburua bete. Bestetik apustu horren gidaria, PNV, jokaleku horretatik kanpo kokatu dute.

Beraz, herri honek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela uste dugun demokratok hausnarketa egiteko tenorean ere bagaude helburu hori lortzera begira. Euskal Herriak jasaten dituen erasoei molde oroz aurre egiten zaion bitartean aldaketa politikoa autodeterminazioaren bidean ematen dela bermatzeko urratsak egiteko tenorean baikaude. Estatuetako, zein Gasteiz eta Iruñeko, gobernuetatik datozen eraso eta apustu estatutarioa zaharberritzeko desafioari herri muga sendoak jasotzea inoiz baino beharrezkoagoa da, ez badugu gure herria beste 30 urtez zatiketaren kateekin lotuta ikusi nahi.

Gatazkaren konponbidea politikoa eta negoziatua izango dela inork ukatzen ez duen zerbait izanda, eta konponbidearen korapiloa lurraldetasuna eta autodeterminazioaren zutabeetan oinarritzen bada, gatazkaren konponbidea zutabe horien gaineko marko demokratiko berri baten formulazio politikoan erikiko da. Eta hori izango da, eta ez beste, benetako aldaketa politikorako giltzarria.

ETA-ren Aberri adierazpena

Bizi dugun egoera politikoa eta arestiko hausnarketak kontutan hartuz, Euskadi Ta Askatasunak bere ikuspegia eta borondatearen berri eman asmoz ondorengo adierazpen publikoa egiten du:

1. XXI. mendeko Europan Euskal Herriaren identitate politikoa Estatu subirano independente bezala sozio-politikoki egituratzeko askapen borroka prozesua bizirik bada, azken mende erdian ETAk eta oro har Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduak aurrera eramaniko borrokari esker eta konpromisoaren ondorioz izan da. Euskal Herriaren eraikuntzak ordea herritar guztion konpromisoa eta ardura exijitzen du, orain artean ezker abertzaleak ia bakarrik erantzun dio zeregin horri jarrera argiz eta etengabez.

2. Mende luzetako gatazkak erakutsi digu Euskal Herrian bi proiektuk egiten dutela talka: Euskal Herriaren independentziaren aldeko proiektua batetik, Espainiaren eta Frantziaren aldeko proiektu inposatuak bestetik. Azken proiektuaren aldekoek beren asmoak defendatu eta gauzatzeko aukera eta baliabide guztiak dituzten bitartean, Euskal Herriaren aldekook ezeztatuak, zangopilatuak eta bortxatuak aurkitzen gara.

3. Bi proiektu horien artean ez dago erdibideko proiektu politikorik. Azken hogeita hamar urteotan autonomismoak Euskal Herri batua, euskalduna eta askea eraikitzeko ez du balio izan. Alderantziz, garai batean uzkur ibiltzen ziren Espainiaren aldeko sektore eta eragileak hanpatzeko eta indartzeko balio izan du. Erdibideko aukera beraz, eta soilik, independentziaren proiektua gauzatzeko aukera emango lukeen marko demokratiko batean kokatzen da: bi proiektu politikoen aukera herritarren borondatearen menpe utziz.

4. Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoa herri lez garatzeko, bere biziraupenerako eta Frantziako politika asimilatzailetik babesteko ezinbestekoa da Euskal Herria ezagutua izatea. Hiru herrialdeetako abertzaleok ezinbestekoa dugu herrialde horiek dituzten egiturazko beharretarako beren estatus politikoa aldatuko duen instituzio bereizi bat eskuratzeko bidea urratzea eta Parisetik proposatutako sasi instituzio eta irtenbideei aurre egitea.

5. Espainiako autonomismoaren esperientzia agorturik arduragabekeria litzateke oraingo honetan ere (77-79an bezalatsu) gatazkaren muinari heldu gabe irtenbide faltsua inposatzea. Hori egingo luketenek etorkizunari begira albora ezineko ardura hartuko lukete beren bizkar. Espainiako botereek Euskal Herriari bigarren ziklo autonomiko bat inposatzeko prestaturik izan dezaketen mugimendu politikoei aurre egitea, beraz, herri sektore independentistok guregain hartu beharreko erronka izango da. ETAk ez du onartuko Moncloako Estatutua eta Amejoramendua eraberritzean oinarrituriko itunik.

6. Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua prest da Euskal Herriko indar demokratikoekin gatazkaren konponbide demokratikorako eta aldaketa politikorako estrategia eta konpromiso bateratu bat adosteko. Gure herriaren egiturazko aldaketa politikoa emango bada, berau proiektu emantzipatzailearen egingarritasunean oinarrituko den marko demokratiko batean izango da, alegia autodeterminazioa bere baitan bilduko duen marko politiko berri batean. Herri hau autodeterminazioaren eskenatokira eramateko, zein estatuen eraso eta errepresioa geratuko duen harresia eraikitzeko, urratsak diskurtsoetatik ekintzetarako igarobidea eman artean inork, ordea, ez diezaiola eska ETAri armen bidez etsaiari aurre egiteko borrokari uko egin diezaiola.

7. Euskal Herriaren nazio eskubideak urratuak eta zanpatuak diren artean, eta bere herritarren kontra estatuen inposizioa armez eta bortxaz garatzen den bitartean ETAk armez Euskal Herriaren defentsan jarraitzeko eta Euskal Herriaren etsaiak eta bere interesak kolpatzen jarraitzeko konpromisoa berresten du.

8. Azkenik, ETAk dei publikoa egiten die Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu, kultur bilgune, jendarte antolakunde eta oro har eguneroko dinamikaren bidez burujabetzaren aldeko hautua egina duten euskal herritar guztiei, hala nola langile, ikasle, kulturgile, laborari, emakume, kirolari, pentsalari eta bestelakori, aurrean dugun ziklo politikoa autodeterminazioarena izan dadin beharrezko konpromisoak hartu eta urrats zehatzak eman ditzaten. Ezinezkoaren aurrean ahalezkoa aldarrikatuz, ezaren gudaz baietza sortuz, lortuko dugu!

Gora Euskal Herria askatuta!

Gora Euskal Herria sozialista!

Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!

Euskadi Ta Askatasuna

Euskal Herrian, 2009ko Aberri Egunean.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo