GARA > Idatzia > > Kultura

Magrebeko etorkinen historia kantutan emango dute Garazin Mouss & Hakim anaiek gaur

Herenegun Amaiurren abiatutako Gazte Martxa Garazira helduko da gaur, musika jaialdi bikain batekin bukatzeko. Bertan izango dira, besteak beste, Zebda taldean aritutako Mouss eta Hakim anaiak.

A. BILBAO | DONIBANE GARAZI

Mouss eta Hakim Amokrane anaiak aspaldi dabiltza beraien kabuz kantuan, Zebda atzean utzita, eta gaur «Origines contrôlées» (Atmospheriques, 2008) lana aurkeztuko dute, Gazte Martxako azken txanpan.

Disko berria Serge Lopez eta Manu Vigourous (gitarrak), Jean-Luc Amestoy eta Lionel Suarez (soinuak), Julien Costa (bateria), Julien Talavera (baxua) eta Rachid Benallaoua (mandolina) musikarien laguntzaz grabatu dute eta Frantziara lanera joandako Magrebeko etorkinak omentzen ditu, Aljeriako poeta kantariek Pariseko Barbes eta Pigalle auzoetan 40ko eta 70eko hamarkaden artean sortutako hamahiru kanturen bitartez.

Zebdako abeslari ohiez gain, eskarmentu handiko taldeek joko dute Garazin. Madrilgo Def Con Dos taldea bata, orain gutxi errepidera itzuli dena, «Hipotécate tú» lan berriarekin. Euskal herritarrak dira beste guztiak: Su Ta Gar Eibarko heavy taldea hogeigarren urtemuga ospatzen ari da, MAK komandoa «Hauts eta Errauts» arituko da rap doinuetan, eta Iruñerriko Kasu! taldeak «Beldurrik ez» du agertuko. Bukatzeko, Gatibu rock taldeak ordezkatuko du jaialditik at geratu (edo atera) den Delorean dantza laukotea. Eta gaua heldu aitzin, festa izango da nagusi egunean zehar, ekitaldi ugarirekin.

TALDE ALDAKETA

Afixak kalean zirela, aldaketa bat iragarri zuen antolakuntzak, eta Delorean zarauztarren ordez Gatibu Gernikako taldeak joko du gaur karpa nagusian.

Fitxa

Data: Gaur, apirilak 12.

Lekua: Karpa nagusia (Donibane Garazi).

Ordua: 20.00. Ekitaldi politikoa. 21.30. Kasu + Def Con Dos + Mak + Mouss & Hakim + Gatibu + Su Ta Gar.

Sarrera: 15/18 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo