GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

«Lesionatuta zaudenean ohartzen zara nortzuk diren zure lagunak eta nork maite zaituen»

p045_f01_29793.jpg

Irati Anda

Eskalatzailea

Andoni ARABAOLAZA

Topean zegoela, bat-batean, zulo sakonaren iluntasuna ezagutu zuen. Eliteko eskalatzaile gisa bizi behar izan zuen egoera hori. Lesioak hausnarketarako beta eman dio, eta, ateratako ondorioak lagun, eskalatzaile gasteiztarra oso bide egokian ikusi dugu.

Iaz, eskumuturrean min hartu zenuen. Hala-hola osatu zinen, eta Munduko Kopan parte hartzeko aukera izan zenuen. Lesioa era egokian kudeatu zenuela uste al duzu?

Ez dut uste akatsik egin nuenik. Diagnostikoaren eta sentsazioen arabera jardun nuen. Oso azterketa baikorra egiten dut: geldi egon nintzen, gero helburuak finkatu nituen, hainbat probetan parte hartu nuen... Neure buruarekin gustura nago, lesioari aurre egiteko gai izan nintzelako. Erabat ez nintzen osatu. Alde baikorrena egoerara moldatzen jakin nuela izan zen. Denboraldiaren amaieran oraindik minarekin jarraitzen nuen eta irtenbide bat bilatu nuen.

Duela bi urte, Munduko Txapelketan zein Munduko Kopan 5. lekuan geratu zinen, eta arrokan 8c zailtasuneko bide bat igotzea lortu zenuen. Hain goian egon ondoren, nola bizi du txanponaren beste aurpegia zu bezalako eliteko eskalatzaile batek?

Duela bi urteko denboraldia ikaragarria izan zen. Eta, lesioarekin, hutsune izugarria sentitu nuen. Eskalada %100ean utzi behar izan nuen. Tristea izan zen, eskalada nire bizitza zelako, eta horretaz ohartzea oso gogorra izan zen. Uda iristean, lagun guztiak eskalatzera irteten ziren; nik, berriz, ezin nuen. Ondoren, eskaladaz gain beste gauza batzuk badaudela ikusi nuen: lagunak, berriro hurbildu nintzen bertsoen mundura...

Hausnarketarako denbora asko izan nuen. Eta orduan ohartu nintzen eskaladarekin erabat obsesionatua nengoela. Eliteko bizitza oso berekoia da; gozatu ordez, emaitzak eta zenbakiak ikusten dituzu bakarrik. Eta, jakina, bizitzan zer edo zer gehiago badago.

Azkenean operatzea erabaki zenuen. Zer moduz zaude?

Victor Galan sendagilearengana jo nuen, eta hark bi irtenbide eman zizkidan: bi urterako hala-moduz osatzea ala operatzea. Eta operatu egin naiz. Orain denboraldi berrira egokitu beharra dut. Oso momentu latzak bizi izan ditut; burutik erabat nekatuta ibili naiz. Asko kosta zait ilusioa berreskuratzea. Beldur asko daude tartean, eta horrek borondatea eskatzen dizu. Emaitzarik ez dagoenean asko sufritzen da; borroka dut oraindik. Harkaitzean zein entrenatzen nabil. Irati Andak argi izan behar du beste errealitatea batean dagoela, eta eskumuturrarekin arazoak izan ditzakeela.

Emaitza onak lortu dituzunean jende asko hurbildu zaizu. Lesioarekin, aldiz, bakardadea sentitu al duzu?

Argi geratu zait nortzuk diren neure lagunak, nork maite nauen. Eta hori ere oso positiboa da. Jende askok animatu nau. Haatik, autosufizientea izatea gustatzen zait, eta konturatu naiz zuk zeuk, bakar-bakarrik, ezin duzula egoera hau eraman eta gainditu. Une batzuetan zuk aipatutako bakardade hori bizi izan dut, baina, zalantzarik gabe, lagungarria gertatu zait.

Aurreratu duzu gogor ari zarela entrenatzen. Lasai hartuko duzu aurtengo denboraldia edo asmo zehatz batzuetan pentsatzen jarri zara?

Buruari buelta bat baino gehiago eman ondoren, argi daukat lehiatzen jarraituko dudala. Nazioarteko zirkuituari dagokionez, lehen proba garrantzitsua, garrantzitsuena esango nuke, ekainean dugu: Txinan egingo den Munduko Txapelketa.

Horixe da nire lehentasuna edo helburua. Horrela bada, entrenamendu guztiak helburu horretara bideratu ditut; erronka ahalik eta hobekien iristea da. Txinan izate hutsak asko motibatuko nau, forman egongo naizelako. Ondoren, Munduko Kopa hasiko da. Eta, jakina, arroka ez dut utziko. Hori bai, lasaitasun handiagorekin eta beste heldutasun batekin eskalatuko dut.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo