GARA > Idatzia > > Kultura

The Beatles «laukote zoragarriaren» alderik ezezagunena, iruditan

Zinemari eskainitako Londreseko Movieum museoak erakustareto iraunkor bat ireki berri du argazkiak eskegitzeko, eta hasteko, The Beatles taldearen irudi ikusi gabeak aurkeztu dituzte, laukotearen alderik ezezagunena plazaratu asmoz.

Erakusketa The Beatlesek Apple eraikinaren teilatuan eman zuen kontzertuaren, hau da, laukotearen azken zuzenekoaren, berrogeigarren urtemugan ireki zuten, iragan martxoaren 12an, eta ekainaren 30a bitarte izango da ikusgai Londreseko Movieum museoan.

Museoak Fab Four edo «laukote zoragarria» deiturikoaren 1963 eta 1970 arteko argazkiak erakusten ditu; desegin ziren artekoak, beraz. Besteak beste, Robert Whitaker argazkilari sonatuak 1966ko AEBetako Far Eastern biran, beatlemania gorenean zegoela, egindako argazkiak dira, baita «Help!» (1965) edo «A Hard Day´s Night» (1964) pelikulak grabatu bitartean egindakoak ere. Aipagarriena, hala ere, horietako batzuk orain arte ikusi gabeko irudiak direla da; argazkietan, John Lennon, Paul McCartney, Ringo Starr eta George Harrison kontzertuen aurretik edo ostean, jendaurrean baino argi itsugarrien itzalpean, publikoaren arretatik kanpo... ageri dira. Izan ere, taldearen bakardade eta intimitatean egindakoak dira.

Argazkiez gain, eta erakusketa indartzeko, The Beatles taldearen zenbait tresna ere paratu dituzte ikusgai. Tartean, John Lennonen Rickenbacker gitarra bat, oso kuttuna zuena, Lennon berak zein Paul McCartneyk sinatutako Gibson gitarrak eta 60ko hamarkadan erabili zituzten Epiphone etxeko zenbait musika tresna.

Getty Images Galleryko zuzendari Louise Garczewska eta Movieumeko arduradun nagusi Jonathan Sands oso pozik dira erakustareto iraunkor berria «munduan izan den musika talde nagusienetariko baten argazkiekin» ireki dutelako. Garczewskaren esanetan, «ezin gintezkeen modu hobean hasi, Fab Fourren argazki zirraragarrienak baititugu hemen, musika elektrifikatu zeneko hamarkada osoa iruditan dugu; argazki zaharrenak, unerik dibertigarri edo zaratatsuenak, taldearen momentu intimoenak... bildu ditugu. The Beatlesen jarraitzaileak hunkituko ditu erakusketak, zalantzarik gabe». Sandsek, berriz, hurrengoa esan zuen: «Harro gaude museoaren lehen urtemuga Liverpool hiriko laukotearen argazki ezezagunekin osatutako erakusketarekin ospatzeaz».

Erakusketa Movieum eta Getty Images agentziaren artean antolatu dute, eta dagoeneko hurrengo elkarlana prestatzen ari dira. Getty Images mundu mailan den argazki agentziarik handienetarikoa da egun, milioika argazkiz osatutako sekulako argazki fondo baten jabea da, eta tarteka Flickr atariko bezeroei argazkiak erosten dizkie. Ez da harritzekoa, beraz, erakusketarekin batera Movieumek bertan ikusgai dauden The Beatles taldearen argazkien kopiak, markodunak eta marko gabeak, salgai izatea.

Erakusketa Londreseko Movieum museoan dago ikusgai, ekainaren 30a bitarte. Ordutegiei dagokionez, astelehenetik ostiralera 10.00etatik 17.00etara dira zabalik ateak (asteburuetan 10.00etatik 18.00etara). Sarrerak 12 libra esterlina balio dituzte eta aurretiaz www.ticketmaster.co.uk atarian ere eros daitezke.

Anartz BILBAO

Fitxa

Data: Ekainaren 30era arte.

Lekua: Movieum museoa (Londres).

Sarrera: 12 libera esterlina.

Web ataria: www.themovieum.com.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo