Buruz Buruko Txapelketaren final-hamaseirenak
Xalak seriotasunean oinarritu du garaipena
Iñigo Pascualek gogor jokatu eta itxura ona eman bazuen ere, une erabakigarrietan huts egin zuen.
Koldo AKORDARREMENTERIA | HARO
Badira kirol munduan azaltzeko zailak diren kontu asko; behin eta berriz ulertzen saiatu arren, barneratzeko zailak diren gertaerak, alegia. Pascuali atzo gertatu zitzaiona hari horretatik uler daiteke. Izan ere, pilotari batek, gaizki jokatu gabe, 12-0ko partziala nola jaso dezakeen azaltzea ez da batere erraza. Erantzuna, hurrengo lerroetan.
Bi pilotariak oso modu erasokorrean ekin zioten partidari. Xala gogotsu atera zen, nerbioarekin eta gauzak serio egiteko gogo biziz, Buruz Buruko Txapelketan izan dituen azken urte ilunak zirt-zart ezabatzeko intentzio sendoarekin. Pascual bera ere tentsio handiarekin atera zen, kolpe bikainak joz eta tanto gehienak dominatuz. Baina gauzak zer diren, minutu gutxiren buruan, markagailuak ikusleentzat hain etsigarriak izaten diren emaitza horietako bat erakusten zuen: 12-0. Nola baina? Pascualek ere galdera berbera egin zion bere buruari partidaren hondarrean. «Piloteoan gustura aritu naiz, eta askotan dominatu ere egin dut», zioen burumakur, galderari erantzun zehatzik bilatu ezinean.
Bien arteko desberdintasuna defentsan egon zen batez ere. Lekuindarrak erraztasun handiz itzultzen zituen Pascualen pilotakada bortitzak; ez hori bakarrik, Abartzuzakoa konturatzerako, Xalak tantoa egiten zion aurreko koadroetan. Horrek etengabe kolpatzen zuen atzelari nafarraren morala, eta egoera zail horrek pilota errazak galtzera eraman zuen Pascual.
Saiatu zen Abartzuzakoa partidari beste buelta bat ematen, eta nahikoa ez izan arren, tanto eder batzuk lortu zituen, Haroko harmailak bete zituzten zaleen gozamenerako, behintzat. Baina gauza gutxi gehiago. Xalak ondo lotua zuen garaipena eta, makinaria gehiegi estutu gabe, tantoak gehitzen jarraitu zuen. «Bi eskuekin justu nentorren, baina badirudi ondo sendatu naizela. Sentsazio onarekin geratu naiz», bota zuen irribarretsu final-zortzirenetan Irujoren aurka ariko den lapurtarrak.
7
22
Gaur jokatuko da Eibarko Astelena pilotalekuan final-hamaseirenetako azken neurketa. Bertan, Berasaluze IX.a eta Leitza izango dira aurrez aurre. Bizkaitarren arteko lehia irabazten duenak, Patxi Ruizen aurka jokatuko du final-zortzirenetan.