GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Internazionalismoa inperialismoaren aurka

Kubaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko harremanei buruz ari garela, Karibeko irla sozialistaren elkartasuna eta munduko potentzia nagusia izan denaren hegemonismoa azpimarratzen dituen izenburuak topikoa dirudi. Baina topikoa izanagatik, ez dio egia izateari uzten. Obama Administrazioak Kubaren eta kubatarren aurka indarrean zituen neurrietako batzuk bertan behera utzi ondoren -AEBetan bizi diren kubatarrei irlara joateko baimenak erraztuz eta dirua bidaltzeko mugak kenduz, besteak beste-, AEBek Kubarekiko historikoki izan duten jarrera bortitza baretu dutela esan daiteke, hein batean bada ere. Obamaren gainontzeko politiketan bezalaxe, alor honetan ere norabide aldaketa bat igar daiteke, are estrategia aldaketa ere. Baina, aldi berean, aldaketaren mugak hasierako erabakietatik bertatik finkatuta daudela dirudi. Horrexegatik, neurriak baloratzeko, norabideari ez ezik, AEBetako arduradunek mugimendu hauei aldez aurretik ezartzen dizkieten mugei ere so egin behar zaie.

Kasu honetan, Obamaren Gobernuak nagusiki merkataritzaren alorrerako hartu dituen neurriak positiboak baina eskasak izateaz gain, erabakia justifikatzeko orduan erabili dituen argudioek argi erakusten dituzte aldaketaren mugak. Izan ere, blokeoari amaiera jarriko diotela esatea ekiditeaz gain, neurri hauek kubatar sistema politikoa aldatzeko estrategia berri baten parte gisa aurkeztu dituzte. Alegia, kubatar subiranotasuna eta bertako herritarren borondatea moldatzeko asmoz hartutako neurriak dira. Kubako agintarien eta, zehatzago, Fidel Castroren erantzun neurtuak ikuspuntu politiko zeharo desberdina erakusten du: herrien arteko errespetua eta parekidetasuna azpimarratzen ditu Castrok.

Kubatar iraultzari buruz alderdi ugari nabarmendu beharra dago: medikuntzan eta hezkuntzan lortutako emaitzak, adibidez. Baina, ikuspuntu zabalago batetik, azken 50 urteotan nazioartean harreman justuak ezartzeko Kubak egin duen saiakera etengabea nabarmendu behar da. AEBetako kanpo politikaren guztiz kontrakoa. Horregatik kasu honetan topikoa egia ere bada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo