GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Zaldibia

Aimar Irigoien nagusitu da Saturdiko harri traketsarekin

Errezildarrak 14 aldiz jaso zuen harria bizkarrera, eta baten aldea kendu zion Izeta II.ari. Biek ondu zuten, ordea, Goenatxok 12 jasoalditan zeukan marka.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Aimar Irigoienek irabazi zuen herenegun Zaldibian, Saturdi auzoan, jokatu zen lehiaketa. Bertan errezildarra Izeta II.arekin neurtu zen, bertako harri baldarrarekin, Ernaitza harriarekin, alegia.

145 kiloko harri trakets honek ere zailtasun asko ditu, baina bai errezildarrak, eta baita aiarrak ere lan bikaina egin zuten, aurretik Goenatxok jarritako marka ondu baitzuten biek. Azkoitiarraren marka 12 jasoalditan zegoen, eta Aimarrek bi gehiago jaso zituen, eta bat gehiago Izetak.

Bost minututako txanda bana izan zuten bi kirolariek, eta lanean aiarra hasi zen. 13 jasoaldi emanda utzi zuen lana, eta atzetik joan zen errezildarra. Berak bat gehiago jaso zuen, 14 alegia, eta amaieran berarentzat izan zen garaipena.

Aimar Irigoienek denbora gutxian harri trakets hauekin lortzen duen bigarren garaipena da, izan ere, orain dela bi aste Etxauriko harri traketsarekin irabazi baitzuen, eta herenegun Saturdikoarekin. Bi kirolariek beste harri batzuekin ere egin zuten lan, bertaratu zirenek merezi baitzuten.

Pazko bigarrenez ospatzen dira jaiak Zaldibiako auzo txiki horretan, eta urtero sekulako jendetza batzen da, eta herenegun ere ez zen gutxiagorako izan, plaza gainezka egon baitzen bi harri-jasotzaile handi elkarren aurka ikusteko, eta bertaratutakoak ez zuten izan damutzeko astirik, biek ere lan bikaina egin baitzuten.

Urrezko Aizkora

Urrezko Aizkoran Arkaitz Jauregik eman du ezustekoa kanporaketa honetan, eta Ilarduiako kirolariak hurrengo kanporaketan egoteko txartela lortu zuen larunbat ilunabarrean Lekunberriko pilotalekuan.

Izen handiko kirolariak hasi dira lehiatzen asteburu honetan, baina arabar gazteak aurrerako bidea egin zuen, nahiz eta kanporaketa ezin izan zuen berak irabazi, Joxe Ugarteburuk aurre hartu baitzion, eta Ezkiokoarekin batera egin zuen urrats bat aurrera. Lehen kanporaketa hauetan, torneo moduan ari dira jokatzen, beraien artean kanporatuz, eta lan oso laburra denez, edozer gerta daiteke.

Arkaitz Jauregik aurrera egitea ezustea izan den eran, Patxi Mindegia kanpoan geratzea ere ezustekoa izan da, Zubietakoarentzat lan hauek oso aproposak baitira, baina oraingoan lehen saioan joan da kanpora eta ezin izango du lehen fase honetako azkeneko saioan parte hartu. Igandean, berriz, Beran lehiatu ziren beste kanporaketa bat erabakitzeko, eta han bai ez zela aparteko ezusterik izan, faboritoen artean agertzen ziren bik, Mugertza I.ak eta Antonio Senosiainek egin baitzuten aurrera. Hala ere, saio hauetan ziren aizkolariak gehienak ziren goi mailakoak, eta horietatik edonor zen pasatzeko modukoa.

Garaipena Antonio Senosiainek lortu zuen. Olagueko aizkolariarentzat lan azkar eta labur hauek oso egokiak dira, eta horixe erakutsi zuen igandeko norgehiagokan ere. Fausto Mugertza izan zen bere atzetik, eta bi aizkolari horiek ere datorren asteburuan jokatuko den lehen fase honetako azkeneko saiora sailkatu dira. Beraz, Senosiain I.a, Mugertza, Ugarteburu, Jauregi, Erasun, Vicente, Etxeberria eta Rekondo arituko dira lehen fase honetako azkeneko saio honetan. Hor ere lan laburrak izango dira, orain arte bezalaxe, eta lehen biek egingo dute aurrera, lehian arituko diren zortzi aizkolarietatik edonork lor dezake hurrengo fasean aritzeko txartela. Faborito argirik ez dagoela esan daiteke, beraz.

Hurrengo kanporaketara

Joxe Ugarteburuk, Arkaitz Jauregik, Antonio Senosiainek eta Fausto Mugertzak lortu zituzten pasa den asteburuan Lekunberrin eta Beran Urrezko Aizkorako lehen faseko azkeneko ekitaldian izateko txartelak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo