GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Maider Iantzi Kazetaria

Irri malkoak, euri tanta ikusezinak

 

Bertze anitz bezala, gu ere etxera bueltan gatoz, Ebro ertzetik. Amildegiek bertigoa ematen dute, mendiak urdinak dira eta ura, berdea. GPSak emakume mexikar baten ahotsa du, ahots goxoa: «Cruce la rotonda, segunda salida». Eguzkiak aurpegiak gorritu dizkigu, etxetik atera ginen egunean egin zuen antzera, lekuak eta bueltaka dabilen diskoa ere orduko berak dira, baina zer sentsazio desberdinak! Lehen oporrak genituen zain eta orain egunerokotasuna.

Burua kristalaren kontra jarrita, oroitzapenak nahasten dira eta hari mataza askatzera jostatzen naiz. L'Ametlla de Mar, El Perello, Tortosa. Pelikanoak. Putzuak. Arroz sail zabalak. Barbakoa usain sarkorra eta gure afarietako izarra, patata bolak! Zotz luzeekin saltsa minean bustiak. Uraren kolore tentagarria. Vandellos eta Asco, bozgorailuak herrietan, ogia bukatu dela abisatzeko? Suaren ikuskizuna tximinian, Mikel Laboaren eta Oreka TXen kantua jira eta bira dabilen bitartean: «Barruan daramagu eguzkia, iluna eta izotza». Orain bero, orain hotz. Sekretu txikien aitorpenak, saetak, bertsoak, irri malkoak, ardo ona. Euri tanta ikusezinak. Haize bortitza palmondoak astintzen. Arrosak. Kaktusak. Merkatu ttipiak. Emakume bat bide bazterrean bere aulkiarekin. Oliba beltzak gatz eta ozpinetan.

473. kilometroa egiten ari garela erraten digu bolante ondoko pantailak. Noiz ailegatuko garen ere badaki jakintsu horrek, gutxi falta da jada. 500 kilometroko bidaia Tarragonara eta geure barrura, bertako mataza askaezinera. Egunerokotasunetik urrunduta, hurbildu egiten gara geure buruarengana eta lasaiago solastatzen gara berarekin. Distantziak bertze ikuspegi bat ematen du eta bertze gogoeta batzuk egiten ditugu, sakonagoak, sakonegiak, agian? Baina berdin dio, horretarako ere balio du bidaiak, barrenean daramagun eguzkia, iluna eta izotza indartsuago sentitzeko. «Ha llegado a su destino».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo