Teneriferen aurkako neurketa prestatzen
Partiden erosketa alde batera utzi nahi du Lillok
GARA | DONOSTIA
Donostiarrek aurkari zuzena edukiko dute aurrean bihar Anoetan (18.30). Izan ere, Tenerife izango da zuri-urdinen arerioa, sailkapeneko bigarrena -59 puntu dauzka talde kanariarrak, Realak baino 9 gehiago-.
Baina Lehen Mailara igotzeko postu pribilegiatu horietan sartzeko aukerarekin batera, beste gai bat ere azaleratzen da: Jesuli Realeko jokalari ohiak, Tenerifen jokatzen ari zenean, Malagaren aurka galtzeko dirua jaso zuela aitortu zuen iaz. Ondorioz, Iñaki Badiola Realeko presidente ohiak salaketa publikoa egin zuen eta, orain, Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzaren esku dago auzia.
Juanma Lillo zuri-urdinen entrenatzaileak, ordea, ez zuen horri buruz hitz egin nahi izan atzo. Fiskaltzari bere lana egiten utzi behar zaiola adierazi zuen tolosarrak, nahiz eta «barru-barruan» bere iritzia baduen. Horrela, Teneriferen aurkako norgehiagokan «hiru puntuak» ateratzeko besterik ez dela pentsatu behar azpimarratu zuen. Honez gain, haren ustez, oraindik ez dago ezer erabakita eta baliteke «behean dauden taldeak irabazten hastea eta goian daudenak jaisten hastea».
Castilloren ordezkotzari buruz galdetu ziotenean -azken neurketetan aulkian utzi du-, jokalaria «ederki» dagoela adierazi zuen Lillok, baina erabiltzen duen eskema dela-eta, beste jokalari batzuen aldeko apustua egiten ari dela azaldu zuen.
Beste alde batetik, Helegite Batzordeak Eibarren aurkako neurketan jaso zuen txartel horia kendu dio Sebastian Abreuri. Mikel Labakak, bestalde, taldearekin entrenatu ahal izan zuen atzokoan.
Teneriferi dagokionez, datorren asteko Las Palmasen aurkako derbian hasiak dira pentsatzen. Hala ere, Marc Bertran kanariar taldeko jokalariak adierazi zuenez, «partida zaila» izango dute Donostian, Reala «oso ondo» baitago, «azken jardunaldietako talderik onena da».