Nekazaritza jardueran aritu nahi duten gazteei laguntzeko asmoa du Akuiluk
Amaia ZURUTUZA |
Akuilu nekazari gazteen elkarteak, gazteei nekazaritzan murgiltzeko laguntza emateko erronka hartu nahi duela adierazi zuen atzo emandako prentsaurrekoan. Baserria eta nekazaritzaren aldeko apologia duina egin zuten, «baietz, baserritik bizitzea» posible dela aldarrikatzeko. «Gogorra dela? Ba bai», esan zuten, baina «ez al da gogorra 05.00etan jaikitzea fabrikara joateko? Edo psikologikoki irakasle izatea? Edo tabernari?», galdetu zuten.
«AHT eta halako azpiegiturak estrategikoak direla esaten digute», adierazi zuten, «baina nekazaritza ez al da estrategikoa Euskal Herriarentzat?», galdetu zuten. Baita erantzuna luzatu ere: «Gure elikadurarekin ari gara jolasten, gure kulturarekin eta finean gure izateko moduarekin», eta ozen adierazi zuten nekazaritza dela oinarrizko bizimodua. «Bertatik sortzen dira bizitzeko beharrezkoak diren produktuak, bertan lortzen da naturarekin harremana eta oreka, honek dakarren irakaspen guztiarekin».
Horretarako baserriak gaur egungo garaietara egokitu behar direla adierazi zuten. Baina horrek ez omen du esan nahi derrigorrez teknologia berriak erabili eta inbertsio handiak egin behar direnik. «Arbasoen irakaspenak jaso eta gure gaztetasunarekin uztartu beharko ditugu», azaldu zuten. «Burua erabiltzen ikasi beharko dugu indarra baina gehiago; txandaka lan egin, jai egunak hartu, produktuen eraldaketa jorratu (ogia, gazta, eztia, sagardoa...) eta baserriaren zikloa ixteko salmenta zuzena bultzatu».
Baserriak biziberritzeko ardura ez dela soilik baserritarrena adierazi zuten, eta zeregin honetan gizarte osoak parte hartu behar duela, «nekazaritzaren aldeko apustua eginez, bertako eta gertuko produktuak kontsumituz».
Zentzu honetan baserri bizi eta emankorren beharra premiazkoa dela esan zuten, eta agintarien ahotik baserriaren aldeko hitz politak entzuten badituzte ere, nekazaritzaren aldeko politikarik ez dagoela salatu zuten. «Baina herri honek badu eskarmentua, eta gure agintariek ez badute nekazaritza bultzatzen, herritarrok egingo dugu. Auzolanak antolatuz, baserri eta lurrak erosteko diru bilketa eginez eta gazteak instalatzeko erraztasunak eta bideak jorratuz».
Batzarra larunbatean
Erronka hau aurrera eramateko, baserrian eta honek eskaintzen duen ogibidean sinesten duten gazteei dei egin zieten Akuilura gerturatu, eta zehazki, larunbat arratsaldean, 16.00etan, Goierriko Mutiloa herriko Kultur Etxean egitekotan diren batzarrean parte hartzeko.