GARA > Idatzia > Kultura > Zinema

Giza Eskubideen Zinemaldian lehian arituko dira lehen aldiz

21 film luze, 13 labur, kontzertu eta erakusketekin dator Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko zazpigarren edizioa. Sail Ofizialean aurreneko aldiz lehiaketa izango da eta publikoak erabakiko du zein den Film Luze Onena. Klausura ekitaldian, Fermin Muguruzak zuzendutako filmaren estreinaldi osoa eta musikari palestinar batzuen kontzertua egingo da.

p041_f01_148x071.jpg

Itziar AMESTOY | DONOSTIA

Apirilaren 23tik eta 30era ospatuko da Victoria Eugenia Antzokian Giza Eskubideen Zinemaldiaren zazpigarren edizioa eta, oraingoan, inoiz baino film gehiagorekin dator jaialdia. Azken egunean egingo den estreinaldia da ekitaldi adierazgarrienetako bat. Fermin Muguruzak eta Javier Corcuerak zuzendutako «Checkpoint Rock» filmaren estreinaldi osoa egingo da jaialdian, itxiera ekitaldian, hain zuzen. Lana Israel, Gaza eta Zisjordanian filmatu dute, eta «gaur egun bertatik sortzen ari diren musika desberdinen bitartez hurbiltzen da Palestinara». Horren ondoren, gainera, filmean parte hartu duten musikariek kontzertu bat eskainiko dute Gazteszenan.

Parte hartuko duten filmak dira, nolanahi ere, zinemaldiko protagonista. Aurreneko aldiz lehiazkoa izango den Sail Ofizialean 15 film luzek parte hartuko dute. Publikoa izango da lan hoberena aukeratu beharko duena. Hala ere, Donostiako alkateak, Odon Elorzak, atzoko aurkezpenean iragarri zuenaren arabera, epaimahai profesional bat eratzeko asmoa dute, hurrengo edizioei begira. Roberto Castonen «Ander», Michael Mooren «Sicko» edo iazko Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi zuen «La caja de Pandora» izango dira ikusgai. Emanaldi batzuen ondotik, gainera, solasaldiak izango dira, eta egileek edota jorratutako gaietan adituek hartuko dute hitza.

Klausura egunean Muguruzaren estreinaldia izateaz gain, apirilaren 23ko hasiera ekitaldian ere Estatu mailako estreinaldi bat egingo da: Kari Skogland zuzendariaren «Fifty Dead men Walking». Film laburrei dagokienez, 13 lan proiektatuko dira eta Gazteen Saria eskuratzeko aukera izango dute guztiek. Epaimahaikideak 18 eta 30 urte bitarteko 150 bat gazte izango dira.

Aurreko urteetan bezala, aurten ere jaialdiak sari bat banatuko du, eta horretarako Jose Luis Borau aukeratu dute. «Lanean agertu duen konpromisoagatik eta bere filmografian ez ezik, ibilbide osoan ere giza eskubideen alde egin duen borrokagatik», azaldu zuten arduradunek.

Aipatutako kontzertuaz gain beste hainbat ekintza antolatu dituzte. Horien artean nabarmentzekoak, lau erakusketa. Lehenik eta behin, «Hemen eta orain», San Jeronimo kaleko Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan izango da hilaren amaiera arte. «Kabum! Mix- Brasil» lana, maiatzera arte izango dena ikusgai Alderdi Ederreko Udal Liburutegi Nagusian. Victoria Eugenian bertan, Zinemaldiaren Informazio bulegoan, hain zuen, Sofia Mororen «Defendatzaileak» lana egongo da. Azkenik, Giza Eskubideen Aldarrikapenaren 60. urteurrena dela-eta antolatutako erakusketa ere sartzen da jaialdiaren barruan -joan den hiletik FNACeko aretoan dago ikusgai-.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo