Kutsadura handiko orube batean saltoki gunea erakitzeko asmoa salatu dute
Duela hamabi urte salatu zuen lehen aldiz CADE inguramen defentsarako kolektiboak Bokalen kokaturiko Fertiladour enpresan erradioaktibitatea zela. Geroztik lekuak hustu ditu enpresak, baina, lantegiaren egitura, eta bereziki erradioaktibitate mailak lehengoan jarraitzen dute zazpi hektareako orube horretan. Bokaleko Herriko Etxeak bertan merkataritza gune bat eraikitzeko asmoa du. CADEk proiektua salatu eta herritarrak informatuko dituela adierazi du.
Ainize BUTRON |
«Eremu hori erakusgarri izatea nahi dugu. Industrialariak ohartu behar dira egin izan dena ez dela sekula errepikatu behar. Eremu horretako belar bat ere ez genuke ukitu behar». Horrela hitz egin zuen atzo Victor Pachon CADE kolektiboko arduradunak Fertiladour enpresa aipatzerakoan, eremu horrek «mendeetan herritarren memorian» geratu beharko lukeela gehituz. Duela hamabi urte, izan ere, CADE kolektiboko kideek Fertiladourren zazpi hektareako lur eremu horretan erradioaktibitatea zegoela ohartarazi zuten.
Ofizialki, guneko kutsadura 2001 eta 2002. urteen artean konpondu zen. Berriki, arriskurik eza kontuan harturik, bertan merkataritza gune bat eratzeko proiektuaren berri eman zuen Bokaleko Herriko Etxeak.
Apirilean obrak hastekotan zirela, urte bukaerarako egitasmoa indarrean izateko asmoa azaldu zuen. Herriko Etxearen asmo horien aitzinean, CADEk, berriz ere, gunean dauden arriskuak mahai gainean jarri zituen, eta, gaur egun, Fertiladour inguruko erradioaktibitatearen maila berezko maila baino bost aldiz handiagoa dela nabarmendu zuen.
Erradioaktibitatea gora
CADEk bere kabuz neurtu zuen erradioaktibitatearen maila, eta datu deigarriak atera zitzaizkion. DRIRE egiturak ere (eskualdeko industria ikerketa eta ingurumenerako agentzia) txosten bat kaleratu berri du, kutsadura mailaren berri emanez. Datu horiek CADE kolektiboaren esanekin bat egiteaz gain, erradioaktibitate maila emendatu egin dela agertzen dute, baita inguruan hedatu dela ere.
«Desinformazioa egitea leporatu digute, alta, DRIRE egituraren datuek gure esanekin bat egiten dute, eta Bokaleko Herriko Etxeak kutsadura horren berri bazeukan», nabarmendu zuen Pachonek.
Izan ere, 2001-2002. urteetan, kutsatutako eremu nagusietan azaleko lurra kendu zuten. DRIREk egindako ikerketa horretan, beraz, azpian zegoen lurra aztertua izan da, eta erradioaktibitate foko berriak aurkitu dituzte.
Nolanahi ere, lehen kendutako kutsatutako lur horiek, oraindik ere Fertiladourren daudela, zorro handietan metatuta, salatu zuen Pachonek. «Zorro horretan dagoen kutsadurak 14.000 miliar urtez irauteko ahalmena dauka. Gutxi dira Estatu frantsesean horrelako kutsadura metatu dezaketen guneak», argitu zuen. 2002an, Prefekturak, bertan jarduera publikorik ez izateko dekretua finkatu zuen, baina, ez zen indarrean jarri.
Erradioaktibitatea bertatik desagerrarazteko irtenbiderik atzeman ezean eremua publikoari debekatzeko eskatu zuen CADEk. Eta gai horri buruzko eztabaida pizteko bilkura publiko bat antolatzeko asmoa zeukatela jakinarazi zuen. «Ez diegu edozer gauza egiten utziko».
Gaur egun eremu batean onartua den erradioaktibitate tasa 0,5uy/h-etan finkatuta dago. Fertiladour inguruan egin diren neurketen arabera, leku batzuetan tasa hori bost aldiz handiagoa da. Zorroetan dagoen lurra 3uy/h-koa da.
Kutsadura kentzeko lanak bideratu zituzten Fertiladourren, 2001ean. Berriki kaleratuak izan diren datuek azaleratzen dute, ordea, lan hori gaizki burutu zela. CADEk salatu du Bokaleko Herriko Etxeak datuoi muzin egin izana.