GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Top 14

Heineken Koparako bidean, Biarritzek ezinbestekoak izango ditu lau puntuak

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Heineken Koparako bidean, ezinbestekoa izango du Biarritzek gaur Perpinya mendean hartzea. Norgehiagoka 20.30etik aitzinera jokatuko da Agilera estadioan.

Partida zaila izango da zuri-gorrientzat, baina aldeko gauza asko izango ditu. Alde batetik, denboraldiko Biarritzik onena da oraingo hau, denboraldi hasieratik honela jokatu izan balute, beste kontu bat izango litzateke oraingoa. Horrekin batera etxean arituko da, eta zaleen babesak ere garrantzi handia izango du. Azkenik, Perpinya helburua beteta dator Euskal Herrira, izan ere, kataluniarrek lortu dute jada Ligako finalerdiak jokatzeko txartela, eta horrek ere zerikusi handia izango du.

Beraz, aldeko asko izango ditu gaur talde zuri-gorriak eta ezingo du hutsik egin, bestela atzerapauso galanta emango bailuke. Gaur lau puntuak bereganatzen baldin baditu, estreinako sei postuetan sartuta egingo dute lo, baina Avironek bihar gauza bera egiten baldin badu, berriz ere Europako lehiaketa garrantzitsuenerako bidea irekitzen duten postuetatik at geratuko litzateke, eta baionarrak sartuko lirateke hor, izan ere, ezinezkoa izango baita biak Heineken Kopan sartzea.

Jean Michel Gonzalezek hamabostekoa erabakita dauka, eta honako hau izango da: Barcella, August, Johnstone, Thion, Hall, Vahafolau, Harinordoki, Cronje, Yachvili, Peyrelongue, Gobelet, Traille, Cabannes, Ngwenya eta Brusque. Aulkian geratuko dira, aldiz, Noirot, Coetzee, Carizza, Som, Trainier, Bidabe eta Bolakoro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo