Conde Pumpidok espainiar agintariek Zuzenbide Estatuaz duten ideia argi eta garbi erakutsi du
Atzo Estatu espainoleko fiskal nagusiak, Candido Conde Pumpidok, Zuzenbide Estatuaz duen ideia azaldu zuen, Euskal Herriari dagokionez behintzat. Alegia, pentsatzekoa da jurista ezagun honek ondo ulertzen duela Zuzenbidean jazarpen judizial eta polizial «prebentiboa» ez dela zilegi eta Polizia Judizialak epaileei erantzun behar diela eta ez Gobernuaren ordezkariei, berdin dio Barne edo Justizia Ministerioaren izenean ari diren.
Independentismoaren jazarpenean, ordea, ez dago mugarik. Kontu jakina zen Europarako hauteskundeetan independentismoaren zerrendak ilegalizatzeko bere esku dagoen guztia egingo zuela Fiskaltzak, orain arte egin duen bezala.
Atzoko adierazpenetan, ordea, badago azpimarragarria den beste zerbait. Estatu espainolean ez dago berez Polizia Judizialik eta Estatuko Segurtasun Indarrek burutzen dute funtzio hau. Alegia, izatez Gobernuaren menpeko dira eta ez epaileen menpeko. Honek Poliziaren agintari politikoei botere izugarria ematen die epaileen kaltetan. Eta hori da, hain zuzen ere, Pumpidok aldarrikatu duena, Poliziaren erabateko kontrola. Akaso alternatiba ez da hobea. Baina Zuzenbidearen ikuspuntutik adierazpenak argigarriak dira.