GARA > Idatzia > > Mundua

Obamak Mexikora bisita egin du Ameriketako Gailurraren bezperan

GARA |

Ameriketako Estatu Batuen eta Mexikoren arteko harremana sendotzea du helburu Barack Obamaren bisitak. Atzo iritsi zen Mexiko hiriburura Felipe Calderon presidentearekin biltzeko. Narkotrafikoa, immigrazioa eta bortizkeria izan ziren gai-zerrendako atal nagusiak.

Biolentzia mugaren beste aldean sumatzen hasi dela salatu zuen Washingtonek. Mexikok, bien bitartean, Merida izeneko ekimenera bideraturiko dirulaguntzak murriztu izana leporatu zion iparraldeko bizilagunari. Ekimen horren xedea narkotrafikoaren kontra egitea da.

Calderonek 2006an agintea hartu zuenetik, 10.000 pertsona hil dira biolentziaren ondorioz.

Duela hilabete, mugan segurtasuna indartzeko «programa orokorra» iragarri zuen Obamak. Polizia gehiago bidaliko zituela esan zuen. Munduan zehar droga saltzen duten taldeen zerrendan sartu zituen Sinaloa eta Zetak kartelak, baita Michoacana familia ere.

Immigrazioari dagokionez, migrazio legearen erreforma «sakona eta eraginkorra» aipatu zuen. Azken datuen arabera, 14.000 etorkin bizi dira AEBetan Gobernuak eskatzen dituen agiriak izan gabe.

Obamak eta Calderonek berriro topo egingo dute bihar eta larunbatean Trinidad eta Tobagon izango den Ameriketako Gailurrean. Kuba da parte hartuko ez duen herrialde bakarra, ez baitute halako foroetara gonbidatzen. Dena den, presente egongo da, Bolivia eta Venezuelak blokeoa amaitzeko eskatuko baitute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo