Apartheidaren aurka, Ondarroan desobedientziari eutsiko diote
Ondarroan ezker abertzaleak gehiengo osoa izan zuen udal hauteskundeetan, baina Alderdien Legea dela-eta, aurreko legealdian bezala, hautetsi independentistak Udaletik kanpo geratu ziren. Hori dela-eta, «apartheid» politikoa salatzeko, ehunka herritarrek udal zergak ordaintzeari intsumisioa egitea erabaki zuten. Eta, atzo nabarmendu zutenez, bide horri eutsiko diote beren eskubideak bermatuak izan arte. Bitartean, EAJri hirugarren proposamen bat egin diote.GARA |
«Errealitate gordin honen aurrean, inoiz baino tinkoago eutsiko diogu desobedientzia ekimenari, eta ekimen hau zabaltzera deitzen dugu. Gure aldetik, desobedientzialari kopurua eta desobedientzia esparruak zabaltzeko hautua egin dugu». Hitz horiekin, «Eskubiderik ez, betebeharrik ere ez» herri plataformak argi utzi zuen atzo Ondarroak bizi duen «apartheid» politikoaren aurrean ez daudela etsitzeko prest.
Prentsaren aurreko agerraldian, gogora ekarri zuten desobedientziaren aldeko hautua aspalditik datorrela, 2004an «Alderdien Legeak Udalean eragindako egoera antidemokratikoa» salatzeko abiatu baitzuten, eta azaldu zuten ordutik ehunka herritarrek erabaki dutela udal zergen ordainketari intsumisioa egitea. Ildo horretan, gaineratu zuten 2007ko udal hauteskundeen ostean egoerak «okerrera» egin duela, ezker abertzaleak gehiengo erabatekoa izan arren, «boz bakar bat ere ez daukan kolpista koadrila baitago Udalaren gidaritzan».
Horregatik, uste dute «desobedientziarako bidea» hasteko izan zituzten arrazoiak «bere horretan» dirautela, eta hauxe iragarri zuten: «Herrian egun dugun gatazkari irtenbide politiko bat eman artean, ez dugu zentimorik ordainduko».
Izan ere, adierazi zuten legez «bihar bertan ordaintzen hasteko prest gaude, gaur eskubide politikoak onartzen badizkigute», baina «arazoa ez da ordaindu edo ez ordaintzea; arazoa beste bat da: ezker abertzaleari boza emandako herritarrok ahotsik gabe eta eskubiderik gabe jarraitzen dugula». «Herri honetan hartzen den erabaki batek berak ere ez dauka herritarren sostengurik -gaineratu zuten-. Eta arazo honi irtenbidea emateko bideak egon arren, PNVkoek herritarrei behin eta berriz eman diete bizkarra».
Izan ere, azaldu zutenez, martxoaren 27an ezker abertzaleko ordezkariek bilera egin zuten Gestorako Felix Aranbarri, Ricardo Gatzagaetxebarri eta Ibon Aranbarrirekin eta konponbide proposamen bat helarazi zietela, aurretik Aitor Maruriri eta Josune Ariztondori luzatu bezala. «Oraindik erantzuna jasotzeko daukagu», adierazi zuten.
Ondarroa ezin da irla bihurtu
Bitartean, esan bezala, desobedientzia ekimenari eutsiko diote, baina argi daukate Ondarroak ezin duela «irla bat bihurtu». «Euskal Herrian apartheid politikoa sufritzen duten udalerriak ehunka gara, eta biztanleak milaka. Duintasunezko bidea hartzea tokatzen zaigu, geurea dena aldarrikatzea eta gure eskubideak bermatuak izan arte borroka egitea», adierazi zuten.