«Euskaraz seguruago» kanpaina bateratua jarri dute abian
GARA |
Kontseiluak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Ziurtagiriaren Elkarteak, «Euskaraz seguruago» kanpaina jarri dute abian aseguru-etxeek eskaintzen duten zerbitzua euskaraz ere jaso dadin lortzeko. Atzo aurkeztu zuten eragin-dinamika berri hau, Bilbon egindako agerraldian.
«Euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea ez dago bermatuta, eta nabarmenak dira egunero sortzen diren ezintasunak», adierazi zuen Kontseiluko kide Zigor Etxaburuk. Horren adibidetzat jarri zuten herritarrek aseguru-etxeekin izaten dituzten harremanak.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren kudeaketaz arduratzen den Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendari Rober Gutierrezek ohartarazi zuen aseguru-etxeak direla euskaraz aritzeko zailtasunak dituzten kanpoko hornitzaileetako batzuk, eta horrek baldintzatu egiten duela euskaraz aritu nahi duten beste entitate ugariren lana. Dituzten datuen arabera, 534 entitate daude, zerbitzua euskaraz ematen duten arren, ezin dutenak Elkarteak finkatutako «zerbitzua eta lana euskaraz» maila eskuratu, besteak beste, euren aseguru-etxeak ez dielako zerbitzua euskaraz ematen.
Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok berriki argitaratu duten «Aseguru-kontratuak eta hizkuntza eskubideak Euskal Herrian» txostenaren berri eman zuen. «Azken urteotan hainbat kexa jaso dugu herritarren aldetik aseguru-polizak, kontratuak, baldintzak eta abarrekoak gaztelania hutsean helarazten zizkietelako hornitzaileek», azaldu zuen Bilbaok. Gainera, nabarmendu zuen aseguru-etxeek izaera berezia dutela, izan ere, «haiek eskaintzen dituzten hainbat zerbitzu nahitaezkoak dira: auto asegurua, erantzukizun zibileko asegurua...».
Arlo horretan indarrean dagoen legedia ere aipatu zuen. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Estatu frantsesean, frantsesaren derrigorrezko erabilera besterik ez duela ezartzen nabarmendu zuen. Hego Euskal Herriko herritarrei, berriz, aseguru kontratua, poliza eta abarrekoa euskaraz jasotzeko eskubidea aitortzen zaiela ohartarazi zuen, baina ez dela beti hala gertatzen.
Abian jarri nahi duten dinamikaren bidez, «Euskal Herrian lan egiten duten aseguru-etxeetan eragin nahi» dutela adierazi zuen Bilbaok. Eta aseguru-etxeei hizkuntza eskubideak berma ditzatela exijitzeko, gainera, legea bera baliatu dutela adierazi zuen, «hainbat eremutan legea aldeko» dutelako.
Kanpainaren nondik norakoei helduta, azaldu zuten etzi abiatuko dela herrietan. Gizarte-eragile eta entitateek gonbidapena eta eskabide-orria jasoko dute, eta kanpainan parte hartu nahi dutenek, euren aseguru-etxeari eskabide orria bidaliko diete. Norbanakoek, berriz, Kontseiluaren webgunearen bitartez eskuratu ahal izango dituzte eskaera-orriak. Bi kasuetan, eta eskatzaileak baimena emanez gero, datuak webgunean gaineratuko dira, eskaera bateratuak egiteko erabiliko dira.