Profesional euskaldunen gida berritu eta Interneten jarri du UEMAk
GARA |
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, UEMAk, profesional euskaldunen gida eraberritu du, «euskaraz bizi nahi duten udalei eta herritarrei begira, tresnak, bitartekoak, baliabideak eta bestelakoak emateko».
Lehendik egina zuten gisa bereko gida, baina aurreko hori osatzeko lan handia egin dute orain eta agertzen den profesional kopurua bost bider handiago da.
Horretarako, besteak beste 35 bat lanbideri dagozkien Euskal Herriko 135 elkargo profesionaletara jo dute informazio eske, baita 25 udalerritako enpresetara ere eta Bai Euskarari Ziurtagiria dutenengana.
Orotariko profesionalak
Hala, egun 306 dira zerbitzua ahoz eta idatziz euskaraz eskaini eta gidan izena eman duten profesional eta enpresak. Era askotako ogibideak bildu dira, hala nola arkitektoak, arotzak, diseinugileak, ingeniariak, podologoak eta iturginak topa daitezke bertan.
Aurrerantzean ere zabaltzen joateko UEMAk gogora ekarri du izena ematea nahikoa dela gidan parte hartzeko: «Ahozko eta idatzizko zerbitzua euskaraz eskaintzea baino ez da eskatzen».
Horretarako edota gida kontsultatzeko UEMAren webgunera jo besterik ez da egin behar, «profesional euskaldunak» izeneko atalera, hain zuzen ere.
Gogora ekarri zutenez, tresna hau UEMAko udaletako herritarrei ez ezik, gainerako herritar guztiei ere eskaintzen diete, «euskaraz bizitzeari baietz esaten jarraitu ahal izateko, modu zehatz eta praktikoan».