Atzerapauso guztiek zulora daramatela ondo dakite Uriberenek
LAS PALMAS-EIBAR
GARA | EIBAR
Denboraldi honetan geratzen zaizkion galdu ezinezko hamar partidetatik, finaletan finalena jokatu behar du gaur Eibarrek, Bigarren B Mailako putzutik ihes egiteko borroka horretan etsai zuzena duen Las Palmasen zelaian. Realaren aurka azken orduan lortutako puntuak, pozgarria izan arren, ezer gutxirako balio izan die eibartarrei eta gaurko lehian garaipenak bakarrik balio du.
Azkeneko bi jardunaldietan lau puntu bildu ostean, kanariarrek nolabaiteko lasaitasuna lortu dute sailkapenean, baina ez daukate bertan gozo gelditzerik. Datorren astean Teneriferen aurka derbi beroa zain daukaten arren, ez dute ezkutatu Eibarren aurkakoa denboraldiko partidarik garrantzitsuena dela eurentzat.
Josu Uribek, bere aldetik, lasaitasunerako deia egin zuen: «Ez dut nahi taldeak burua galtzerik, ziur bainago geure aukerak izango ditugula. Eurek ere asko daukate jokoan eta hutsak egingo dituzte, horregatik ezin diegu inolako erraztasunik eman defentsan».
Zelairatuko duen taldearen inguruan, entrenatzaile asturiarrak ez zuen inolako pistarik eman nahi, «bi edo hiru aldaketa egongo dira».
Aurrealdeko lau gizonak aukeratzea da eibartarren entrenatzaileak duen zalantza nagusia. Dirudienez, aurrelari bakarra arituko da, Ballesteros etorri berria, ziurrenik.