GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

«Okerrena da, irabazita ere mailari eustea ez dagoela gure esku»

p037_f01_90975.jpg

Jose Luis Martinez Karra
Getxo taldeko entrenatzailea

Getxorentzat une zailak dira hauek. Ohorezko Mailako goiko postuetan ibiltzera ohituta zegoen, nahiz eta azken urte hauetan behealdean ibili izan den. Aurten, ordea, maila nagusia galtzeko zorian dago. Bihar irabazita ere ez luke jarraipena segurtatuko, eta Karra entrenatzaileak hori badaki. Berarentzat ere ez da lan erraza jokalariei helburua lor dezaketela sinestaraztea, baina horretan ari da.

Jon LEUNDA |

Karrarentzat une zailak dira, Getxo Arteako denentzat bezalaxe. Bihar denboraldi osoa izango dute jokoan Madrilen, jadanik Liga irabazita duen taldearen zelaian, eta une honetan ez dirudi mailari eustea lan erraza izango denik.

Denboraldi osoa partida batean jokatuko duzue.

Ongi esan duzu, dena jokatzen dugu bihar Madrilen. Kontua ez da hori bakarrik, ordea. Okerrena da, guk irabazi arren Les Abellesek ere irabaziz gero, lan osoa alferrik izango dela. Maila zuzenean ez galtzeko helburua lortzen badugu ere, mailari eusteko kanporaketa jokatu beharko dugu, baina gauzak orain dauden moduan, horretara heltzea ez litzateke txarra izango.

Nola ikusten duzu partida?

Zaila, dinamika txar batean gaude, eta horrelakoetan ez da erraza izaten. Aurrean, gainera, aurkaririk zailena dugu, eta ez da erraza izango, nahiz eta saiatuko garen.

Madrilek jadanik Liga irabazita dauka, beraz ez du ezer izango jokoan. Alde ona ere badu biharko partidak ezta?

Hortik begiratuta bai. Agian normalean aritzen ez direnek jokatzeko aukera izan lezakete, beraiek hemendik aurrera beste hiru lehiaketa garrantzitsu dituztelako, eta horrela izan daiteke. Baina, agian, Ligako azkeneko partida etxean izanda, Liga garaipen batekin ospatu nahiko dute, beraz, ez dakigu zein asmo izango duten. Les Abellesek Cajasolen aurka jokatzen du, eta valentziarrek ere jokoan ezer ez duen talde baten aurka jokatuko dute, eta etxean gainera.

Nola dago aldagela?

Ongi ez. Une zailak dira hauek. Bigarren itzuli txarra egin dugu, eta dena partida batean jokatzen dugu. Irabazita ere gauzak ez daude gure esku, eta azkenean, gainera, gu gara kanpoan arituko garenak. Ez da erraza, baina aurrera egin behar dugu, eta geure aukerei eutsi.

Lehen itzuli ona egin zenuten. Gero, ordea, dena beheraka joan da. Zer gertatu da?

Taldea nahiko urria genuen, beraz, bagenekien zigorrak eta lesioak agertzen hasiz gero hau gerta zitekeela. Ligako lehen zatian dena ongi joan zen, eta taldeak erantzun ona eman zuen. Lesioak eta zigorrak agertzen hasi direnean, aldiz, taldeak behera egin du. Gero, jende gaztea ere badaukagu, eta honelakoetan eskarmentu falta hori ere erabakigarria izan daiteke. Bigarren zati txarra egin dugu, ezin izan dugu partida bat ere irabazi, eta horregatik gaude gauden lekuan.

Etapa baten amaiera al da hau?

Bai, dudarik gabe. Azkenean, kirol taldeek, edozein enpresak bezalaxe, izaten ditu etapa amaierak, eta Getxorena orain izango da. Urte onak izan dira, eta aurten alderik garratzena bizitzea egokitu zaigu. Hala ere, nahiz eta bigarren itzuli txarra egin, garrantzitsuena da oraindik mailari eusteko aukerarik badugula, eta horretan saiatu beharko dugu.

Bihar gertatzen dena gertatuta ere, azterketa sakon bat egin beharko duzue ezta?

Bai, dudarik gabe. Denok batu behar dugu, eta denok ikusi behar dugu egin ditugun akatsak. Ez jokalariok eta entrenatzaileok bakarrik, baita zuzendaritzako kideek ere. Azkenean denen artean atera behar dugu hau aurrera, eta batera lan egitea beharrezkoa izango da. Azkenean mailari eusteko kanporaketa jokatu, eta salbatzen bagara ere, garbi dago gauzak ez ditugula ongi egin, eta okerrak zuzendu egin beharko dira.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo