GARA > Idatzia > > Kultura

Usurbilgo bigarren Kale Antzerki Eguna: «konpletoa, anitza, euskalduna eta bihurria»

p041_f01_97x92.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Datorren larunbatean, hilak 25, ospatuko da Usurbilgo bigarren Kale Antzerki Eguna. Eguerdiko hamabietan hasi eta etenunerik gabe, antzerkia, musika eta jai giroa nagusituko da goizeko ordu txikiak arte. Hamabost ikuskizun inguruk osatuko dute aurtengo egitaraua eta herriko txoko guztietara zabalduko dira emanaldiak. Alex Tello antolatzaile eta Txerriki antzerki taldeko partaideak adierazi zuenez, «egun osoan zehar jai giroa nagusitzea da gure helburua. Egitarau konpletoa, anitza, euskalduna eta, batez ere, bihurria prestatzen saiatu gara eta lortu dugula uste dut».

Pasa den urtean izandako arrakasta ikusita, urteroko hitzordu sendo bilakatzea dute helburu bai Usurbilgo Udalak, baita ideia proposatu zuen eta hasieratik antolatzaile lanetan aritu den Txerriki antzerki taldeak ere. «Herriari bizia eman dio proiektu honek», adierazi zuen Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak.

Antzerkia, musika eta motoak

Usurbilgo Riki, Txer eta konpainia taldeak emango dio hasiera egunari, Dema plazan. Ondoren, frontoian, Lasarte-Oriako Landaberri antzerki eskolaren ikuskizuna izango da, eta, berehala, Txerriki taldeak «Oasia» ikuskizuna eskainiko du frontoi atzean. Bitarte horretan, Koblakari talde bilbotarraren kalejira eta malabar jokoak ibiliko dira herriko kaleetan zehar.

Bazkalorduan, moto klasikoak izango dira ikusgai. Arratsaldean, berriz, bederatzi talderen ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da Artzabalen, Kaxkoan, Dema plazan eta kaleetan zehar -euria eginez gero, frontoian eta Askatasuna plazan-. Eta eguna borobiltzeko, gauerdian, Makulu Ken taldeak doinu afrikarrak eskainiko ditu frontoian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo