GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Jose Luis Rezabal Preso politiko baten anaia eta LABeko Nazio Batzordeko kidea

Dispertsioaren aurkako konpromisoa berresteko eguna

Sakabanaketa politikaren porrota azpimarratu behar dugu. Euskal Herriak independentzia eta sozialismoa ezagutu ditzan borrokatu zutenek ez dute beren eskaera alboratu; beraien gertukoek zailtasun guztien gainetik urruneko bidaiak bururaino gainditzen dituzte, eta kalean nahiz lanean, presoak bueltatzeko oihuak ozen entzuten dira

Hogei urte pasa dira Gobernu espainolak euskal preso politikoak sakabanatzeari ekin zionetik. Hogei urteren bueltan, derrigorrez, zaharrak berri. Politika horretan aldaketarik egon ez izanak -okerrerakoak salbu-, bera salatzeko inoiz baino behar handiagoa dakar.

Sakabanaketa politikaren abiapuntua Aljerreko negoziazioen ondoren kokatu behar dugu, 1989an. Espetxe politika zehatz hori PSOEk jarri zuen abian, baina gogorarazi behar da haren diseinuan EAJk parte hartu zuela, eta sorreran zein inplementazioan ezinbesteko kolaboratzaile fidela izan zela. Ondoren, gobernu guztiek defendatu eta praktikatu dute soilik xantaian eta bortizkerian oinarritzen den politika ankerra.

Erabaki politiko hark helburu politiko argiak zituen eta helburu politikook bi hamarkadetan iraun dute, egun ere badiren bezala: proiektu politiko zehatz bat baldintzatzea, independentzia eta sozialismoaren aldekoa, Euskal Herria bere etorkizunaren jabe izatea bilatzen dutenena. Xedea bezain argia, bidea: kolektibo oso bat krudelki erabiltzea amaigabeko xantaiaren barruan. Presoak pertsona moduan suntsitu, eta beren senideak fisikoki, psikologikoki eta ekonomikoki indargabetu nahi ditu politika horrek.

Xede bakarra eta bitarteko anitz: presoa urrundu, bakartu, isolatu, gaixotu, zauritu eta erailtzen du sakabanaketak; presioa eta mina senide eta hurkoengana hedatu eta arriskuak handitzen ditu sakabanaketak, eta erailtzen du. Gure herriaren askapen nazional eta soziala bilatzen dituen proiektu politikoarekiko urrunketa sor dadin presoarengan, bere isolamendua, mota guztietako zailtasunak ikasketak burutu nahi izanez gero, familia edo lagunekin komunikazioa trabatzeko neurriak, osasuna artatze falta, desanimua eta apatia bultzatzen dituen ingurua... denak balio du.

Hala ere, politika horren emaitzak ez dira izan helburutzat jarri zituztenak, eta baliabide horiek guztiak asmatu zituztenen porrota azpimarratu behar dugu. Euskal Herriak independentzia eta sozialismoa ezagutu ditzan borrokatu zutenek ez dute beren eskaera alboratu; beraien gertukoek zailtasun guztien gainetik urruneko bidaiak bururaino gainditzen dituzte, eta kalean nahiz lanean, presoak bueltatzeko oihuak ozen entzuten dira.

Gobernuak eta bere laguntzaileek porrot horren kontzientzia dutelako, etengabe ari dira espetxeetako errepresioa areagotzeko bide berriak arakatzen: sakabanaketarekin nahikoa ez, eta baldintzapeko askatasunaren ukatze sistematikoari gehitu diote zigorren luzapena eta osorik betetzea. Parot dotrina delakoa eta gehienezko zigorra 40 urtekoa izatea, bizitza osoko zigor bihurtu dira de facto.

Horren lekuko dira Gabriela Bravoren hitzak, Zigor Kodean bizitza osoko zigorra formalki sartzeari buruz: «Daukagun zigor sistema hain da gogorra, non ez duen inongo erreformaren beharrik»; horrela laburtu du fiskalen Unión Progresista-ko presidente ohiak, orain Botere Judizialaren Kontseilu Orokorreko bozeramailea, Europa osoan aurkituko ez ditugun neurriak aldarrikatzerakoan, espetxe politikari dagokionez Estatuaren pentsamoldea zein den.

Sakabanaketa ikurtzat duen politika horren aurkako protesta eta salaketaren beharra begi bistakoa da, 20. urteurren lazgarri honetan. Senide moduan, etxean, eta langile moduan, lantokian izan arte, sakabanaketaren aurkako borrokan aurrera egiteko konpromisoa berretsiko dugu bihar eguerdian Durangon elkarturik milaka euskal herritarrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo