Kuba, Ameriketako Gailurreko gai nagusia
Port of Spainen, Trinidad eta Tobagoko hiriburuan, hain zuzen, hasi zen ofizialki Ameriketako Gailurra, herrialdeen arteko elkarrizketak aste osoan zehar izan badira ere. Eta Gailurreko gai nagusia, esanguratsuki, Kuba da. Esanguratsua da Gailurrean parte hartuko ez duen herrialde bakarra delako, ohi bezala ez baitute gonbidatu. Ameriketako Estatu Batuetako presidente Barack Obamak protagonismo berezia du Gailurrean, baina protagonismo hori bere Gobernuak Kubarekin izango duen jarrerari lotua da. Izan ere, Ameriketako Alternatiba Bolivartarraren (ALBA) VII. Gailurrean parte hartu zuten herrialdeek Kubarekiko elkartasuna areagotu eta iragarri zuten ez dutela Ameriketako Gailurreko zirriborroa onartuko, batez ere Karibeko irlari ezarritako baldintzak direla-eta. Obamaren erronka orain ALBAko herrialdeen betoa saihestea da, eta ahalegin horren baitan interpretatu behar dira seguruenik Hillary Clinton estatu idazkariak atzo egin zituen adierazpenak. Clintonek onartu zuen AEBen politikak Kubarekin huts egin duela eta Raul Castroren elkarrizketarako deiari oniritzia eman zion, dei hori berria ez bada ere, presidente kubatarrak George W. Bushi ere egin baitzion eskaintza bera. Adierazpen horiek jarrera aldaketa nabarmenago baten iragarpena badira, ikusteko dago zer norabidetan eta noraino iristeko prest dauden.