Antilletako eztabaida, protagonistarik gabe
Administrazio frantsesaren pean dauden itsasoaz haraindiko lurraldeek, ohi ez bezala, Europako hedabideen arreta erakarri zuten joan den neguaren bukaeran. Baina ez Antilletako irla haietako biztanleen arazoen berri emateko, baizik eta arazo horiengatik sindikatuek eta gizarteak oro har egin zituzten mobilizazioak direla-eta. Nicolas Sarkozyk irla haiei buruzko gailurra iragarri zuen otsailean, Estatuko arazoei berehala heltzen dakien liderraren plantak eginda. Eta behin «itsasoaz haraindian inoiz egin den eztabaida prozesurik garrantzitsuena» iritsita, begiradak parte hartuko dutenengana bideratu barik, bertan izango ez direnengana joan dira. Absentziarik deigarriena, jakina, Sarkozyrena berarena da, Barne ministro Michelle Alliot-Mariek esan zuenez, nazioarteko agenda beteta dauka-eta. Eta, Guadalupe eta Martinikako greba orokorraren protagonista nagusiak, LKP eta Otsailak 5 Kolektiboa alegia, eta Reuniongo Cospar mugimendua ere ez dira gailurrera agertuko, eta ez agenda arazoengatik, hain zuzen, baizik eta argi ikusten dutelako erabakirik hartzekotan, Estatuak berak baino ez duela hartuko. Krisi egoerak, gainera, Parisen gustuko ez den beste auzi bat utzi du agerian: lurralde haien estatus politikoa. Izan ere, Parisen interes nagusi, eta agian bakarra irla haietako kirolariek Olinpiar Jokoetan lortzen dituzten emaitza onak dira.