GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

AIZKORA

Urrezko lehiaketa lehen faseko bukaerara iritsi da

J.L. | DONOSTIA

Urrezko Aizkorako lehen faseko azkeneko saioa jokatuko da bihar Altsasun 12.00etik aurrera. Ugarteburu, Jauregi, Mugertza I.a, Senosiain I.a, Erasun, Vicente eta Rekondo lehiatuko dira bertan. Lehenengo biak sailkatuko dira bigarren faseko ligaxkara.

Saio erakargarria izango da, baina faborito garbirik ez du izango. Lanak laburrak izango dira, orain arte egin dituzten moduan. Denak denen aurka neurtuko dira, torneo baten modura, eta enbor bat moztu beharko dute saio bakoitzean.

Hori dena kontuan hartuta, irabazteko faborito bat aipatzea oso zaila da, nahiz eta hemen dauden ia denak diren izen handikoak. Hauetatik, ordea, Jauregi, Ugarteburu, Mugertza I.a eta Senosiain I.a, lehen ere arituta datoz, aurreko kanporaketa gainditu ostean sartu baitira, eta besteentzat, aldiz, lehen kanporaketa izango da, eta abantaila horrekin jokatuko dute.

Lehenengo biak sari potoloa izango dute, bigarren faseko ligaxkan sartzeko modua izango baitute, apirileko azkeneko asteburuan abiatuko dena Leitzan. Nazabal, Larretxea, Olasagasti, Arrospide, Arria V.a, Mindegia, Zubiaga, Azurmendi eta Atutxa II.a zain daude, saio honetatik aterako diren bi aizkolariak zeintzuk izango ote diren, lehiaketako faserik interesgarrienari ekiteko.

Harri-jasotzea

Bestalde, herri kirol jaialdia izango da bihar Hendaiako pilotalekuan, 11.30etik aurrera, eta bertan bi marka saiakera izango dira.

Alde batetik Urrutia nafarra arituko da, eta berak bere pisua baino bi aldiz eta arroba bat gehiago pisatzen duen harria bizkarreratu nahi du. Une honetan, Urrutiak 75 kilo pisatzen ditu, eta 163 kiloko zilindro zaharra berdindu nahi du bizkarraren gainean. Horretarako bost minututako txanda bat izango du. Erronka handia du aurrean nafarrak, baina etxean jasota joango da, eta marka egiteko itxaropen osoa eramango du.

Lapurtar bat ere arituko da marka pertsonala egiteko asmoarekin, izan ere, 163ko koadroari lau jasoaldi eman nahi baitizkio bost minutuan Xabier Ostizek.

Jaialdian beste lapurtar bat ere arituko da, Martikorena, baina honek erakustaldia egiteko asmoa eramango du bihar eguerdian Hendaiako pilotalekura.

Bada zer ikusia, beraz, bihar herri kirol munduan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo