GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Top 14 Baiona

Euskal derbian huts egin ostean, garaipenak besterik ez dio balio Avironi

J.L. | DONOSTIA

Biarritzen aurka etxean galdu ostean, Avironek aukera guztiei heldu behar die datorren urtean Heineken Kopan jokatu ahal izateko. Zuri-urdinek horretarako etxeko puntuei eutsi egin beharko diete, eta ahal bada bosnaka gehitu, are gehiago atzo arratsean Biarritzek Perpignan indartsuaren aurka bere zelaian lortu zuen garaipen estua eta landua ikusita.

Horretarako aukera ona izango du gaur Bourgoinen aurka, izan ere, frantziarrek ez baitute ia ezer jokoan izango. Behera joateko aparteko arriskurik ez dute, nahiz eta hori matematikoki oraindik posible izan daitekeen, baina oso gauza oso arraroren bat gertatu beharko litzateke, eta, beraz, ohorea baino ez dute izango gaur jokoan, 14.30etik aurrera Jean Dauguer estadioan hasiko den norgehiagokan.

Zuri-urdinek hasieratik jo behar dute erasora, ahalik eta entsegurik gehien egiteko asmoarekin, eta ezin dute zigorren zain egon, aurten huts asko ari baitira egiten, Biarritzen aurkakoan gertatu zen moduan.

Izan ere, hor huts bat badu talde lapurtarrak. Iaz Richard Dourthek ostikoz beti barrura sartzen zuen baloia, baina berak utziz gero, taldeak ez du haren ordezko bat topatu. Euskal derbian, hortik joan zitzaien partida, eta gaur, eta ikusita aurreko taldeak ezer asko ez duela jokoan, entseguak egin behar dituzte. Jokalariei dagokionez, aparteko hutsunerik ez da izango zuri-urdinen artean, baina zeintzuk jokatuko duten ez dute ezagutzera eman. Hori bai, taldeko zuzendaritzak zaleen babesa eskatu du, eta Biarritzen aurkako derbian gertatu zen modu bertsuan, gaur ere sarrera bikaina izango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo