GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Gure txikitasunetik

Ez gara egunkarien azaletan agertuko, genero bortizkeriaren ondorioz gertatzen diren hilen kopuruaren kasuan bezala, gure aldarrikapena estaltzen saiatuko dira, baina garatuko dugun indarra, kemena, ez digu inork kenduko

Gune desberdinetan ematen dituzten zenbakien arabera, laurehun emazte hiltzen dira urtero frantses Estatuan genero bortizkeriaren ondorioz. Bestalde, seiehun pertsona baino gehiago lan istripuen ondorioz. Bi zenbaki horiek ez ditugu irakurtzen egunkarietako azaletan. Zenbaki horiek bilatu behar ditugu gizarte honetan zer gertatzen den, herritarrek zer sufritzen duten jakiteko. Egunkarietako azalek botereko pasabideetan zer gertatzen den jakiten saiatzen dira. Badirudi lan mundua ez dela aktualitatean sartzen. Alta, azken asteetan, kanporatzeko arriskutan zeuden langileak lanpostuaren defenditzeko antolazen hasi direlarik, kuadroei presio egiten, enpresa buruak bulegoetan egotera bortxatu dituztelarik, enpresa mundua aktualitatearen lehen lerroetara itzuli da, «bahiketa» horien aipatzeko. Hau baita erabilia izan den hitza. Langileek arriskatzen zituzten kanporatzeek, ondorio guztiekin, ez dute garrantzirik. Legea batzuen aurka baliatzeko mehatxua egin dute ere, ea ausartak diren langileak, batzuetan sindikalistak, beldurtzen diren!

Txosten, gai batzuek ez dute gobernuaren arreta deitzen, horretarako ez dago dirurik eta funtsean Sarkozyk errepikatzen zuen moduan ez zuten horretarako hautatu. Ondorioz, iragarritako bidetik jarraitzen du. Ederki entzun dugu bere buruaz duen oniritzi aparta, lehen mailako politikaria dela eta aldiz ondoan dituen lankideak ez dituela goi mailakotzat. Estatu Batuetakoak ere ez du impresionatzen. Jakin dugu Sarkozyren eredu ona Berlusconi dela. Honek hauteskundeetan lortzen dituen emaitzak dira omen ororen buru manatzen dutena. Eta horretan arrazoia du, gauden sisteman hauteskundeetako emaitzek manatzen dute eta zaila da ulertzea nola hirugarren aldikotz Berlusconi hautatu duten! Baina ez dago zalantzarik, hauteskundeen emaitzak ez badira egokiak, bizi garen sisteman kapitalaren gustukoa edo estatu nagusien gustukoak ez badira, egokitzen dira. Eta horretarako tresnak jartzen dira martxan. Berlusconik ez al zituen ahaleginak egin telebista bere esku hartzeko? Espainian ez al ziren legeak egokitu alderdi batzuk jokoz kanpo uzteko? Frantzian prentsa ez al da pixkanaka desagertu enpresa munduaren eskuetan gelditzeko eta kazetaritza kritikoaren ahultzeko.

Europako hauteskundeak eskema horretan sartzen dira. Alderdi nagusien interesei erantzuten dute. Euskal Herria hautesbarruti erraldoi baten barnean kokatua gelditzen da, Europak estatu indartsuek hautatu dituzten problematikei erantzuten baitu. Egoera horren aurrean kikildu behar al gara, esperantzarekin gelditu noizbait norbaitek Europan aipatuko gaituela? Ez da bide egokiena gure baitan sinisteko, gure geroan inbertitzeko. Izan ere, gure etxean, gure tokian aldarrikatzen dugunaren baitan sinisten dugun froga, gure herrietan, gure proiektuaren lekukoa eta boz eramailea izatea baita.

Ez gara egunkarien azaletan agertuko, genero bortizkeriaren ondorioz gertatzen diren hilen kopuruaren edo lan istripuengatik hildakoen kopuruaren kasuan bezala, gure aldarrikapena estaltzen saiatuko dira, baina garatuko dugun indarra, kemena, ez digu inork kenduko. Funtsean gure helburua gure proiektua bizitzea baita, gure herrian. Ez da dudarik gure oihua azkarra izanen dela eta Europan entzunen dutela. Sekulako antenak dituzte gainera...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo